Andoainen sortu zen artista ezezagunaren lan emankorra

Xabier Lasa 2023ko ots. 5a, 11:48

Imanol Bengoetxea Goikoetxea (Andoain, 1962-Barasoain, 1994) artista autodidaktaren artelanak ikusgai daude Basteron, joan den ostiraletik. Bere anai-arrebak ez ezik Andoaingo familiako kide ugari bertaratu zen irekiera-ekitaldira. Zabalik dago, aste hauetan, erakusketa Bastero Kulturgunean.

Bizirik zela, ez zuen erakusketa publikorik egin; alabaina, 32 urtetan, sormena izan zuen obsesio nagusi, eta etengabe bideratu zuen grina horretara, denetariko euskarriak erabiliz bere artelanak lantzeko.

1994an hil ostean, etxeko sotoetan gordeta egon diren zazpiehunetik gora obra berreskuratu eta argitan jarri ditu familiak, azken aldian. Horietatik 70 bat Basteron ikusgai daude orain, otsailaren 25a bitarte.

Artista barnerakoia, sentikorra eta misteriotsua izan zen Imanol Bengoetxea. Aparteko nortasun horren aztarna eman gaitzake berak idatzita utzi zuen honako pasarteak (Basteron irakurri daitekeena): “Ez dut nire lana titulatzen, beharrezkoa ez delako. Niretzat margotzen dut, ez beste batzuentzat edo komunikatzeko. Ez zait axola besteek ez banaute ulertzen, ezta iristen diren espekulazioak edo ondorioak ere. Nire lana nire erabilera pertsonala da, beste ondorio batzuk ateratzeko, nire intimitatea sortzeko, sinisten dudanarekin komunikatzeko, (…) ni ezagutzeko, auskultatzeko, gozatzeko. Nere burua atsegin izateko, desatsegin izateko, nirekin hitz egiteko, nirekin komunikatzeko”.

Etxeko sotoan lo, urtetan

Gurasoek eta sei seme-alabek osatzen zuten Bengoetxea Goikoetxea familia Andoaingo Aingurasutegi kalean bizitu zen 60ko hamarkadan. Senideetan zaharrena zen Imanolek 13 urte zituela, denak Barasoain herrira (Orbaibar bailara, Nafarroa) joan ziren bizitzera.

Azken urteetan, bere bost anai-arrebak Barasoaingo sotoan sortu eta gero, gordeta utzi zuen ondare artistiko guztia berreskuratzen aritu dira. Lau senide agertu ziren Basteroko erakusketaren irekierara: Mari Carmen, Cosme, IÒaki eta Ana Mari.

Lehenak eman zituen anai artistaren gaineko zertzeladak. “Izaera sendokoa zen gure anaia, barnekoia, tematia, adimentsua… Familiaren ekonomiak ez zuen askorako ematen, eta igeltsero gisa jardun behar izan zuen bizimodua atera ahal izateko. Ezin izan zuen unibertsitatera joan, eta frustrazioa eragin zion horrek. Guk gogoan daukagunez, ahal zuen guztietan etxeko sotoan sartzen zen bere sormenari askatasuna emateko; bunker gisakoa antolatu zuen bertan. Etxean ere, berdin zitzaion non eta nola jardun; etxeko gela guztietako horma zuriak edo altzarietako ateak margotzen zituen. Museo txiki bat eraiki zuen gure etxean! Edozein euskarri erabiltzen zuen: loreontziak, botilak, pintura-poteak, lanparak… Igeltseroa zenez, obretatik lortzen zuen edozein material probesten zuen margoak egiteko”.

Bere artelanen berreskuratze prozesua zertan izan den aipatu zuen ondoren Mari Carmen Bengoetxeak: “Ahalegin handiko egitasmoa izan da guretzat, baina merezi izan du. Bere anaiok ez gara adituak artean, eta halako batean, mundu horretan ezagutzen ditugun bi adiskideri etxeko sotora hurreratzeko eskatu genien, balora zezaten zer zegoen bertan. Lur eta zur geratu ziren, benetako altxorra zegoela ziurtatu ziguten. Artelan batzuk erabat hondatuta zeuden, baina gainerakoak berreskuratzeari eta argitaratzeari ekin genion, anaiak merezi zuelakoan”.

Artelanak, nortasunaren isla

Silvia Sadaba erakusketaren komisarioaren idatzi kritikotik honakoa nabarmendu daiteke: “Nortasun artistiko berritzailea eta egonezina zuen Bengoetxeak, eta Andoaingo erakusketak bere unibertso espresionistarekin gozatzeko aukera ematen digu. Ez du ikuslerik epel utziko. Ezin izan zuen unibertsitate ikasketarik egin, eta autodidakta izan zen, arteari buruzko makina bat liburu irentsi zituen, eta ahal zuenetan Paris, New York edo Madrilera jo zuen hango museoak ikustera. Berak bere estiloa sortu zuen, propioa; deskribatzekotan, esan daiteke figuratiboa, expresionista, materikoa eta sinbolikoa dela”.

Basteron ikus daitezkeen obra ia guztietan egilearen nortasuna ondo itsatsita geratzen dela ziurtatzen du Sadabak: “Bere obra osoa kurbatua da, trazu organikoekin, eta horrek agerian uzten digu bere pintzela bere inkontzientearekin, bere sentimenduekin, bere animo egoerarekin eta bere barne deabruekin zuen lotura hain zuzenaz. Keinua barnealdearen eta euskarriaren arteko lotura da, eta, beraz, pintzelkada bortitza, erraietakoa, dinamikoa eta energiazkoa da, bere nortasuna zen bezalakoa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!