Joseba Pagazaurtundua gogoratu dute eguardian

Asteartean 20 urte beteko dira ETAk Joseba Pagazaurtundua hil zuela, eta gaur eguardian haren aldeko omenaldia egin dute, Ibarrolak sortutako eskulturaren aurrean, familiak eta lagunek antolatuta. Maite Pagazaurtunduak eta Fernando Savaterrek “ETA eta oraindik indarrean den bere proiektu politiko totalitarioa” gaitzetsi dute, eta instituzioetan “bere presentzia normalizatzen ari direnen” aurka mintzatu dira. Mintzaldiak, bideoz ikusgai:

Familiako kideak eta lagunak bildu dira ekitaldian, eta besteak beste, Maider Lainez alkatea ere bertan izan da.

Aurtengo omenaldia Andoainen antolatzen duten azken omenaldia izango dela iragarri dute, eta 2015ean eskultura ondoko zuhaitzera itsatsi zuten buzoia kendu egin dute, 2zuhaitza liberatu egingo dugu" adierazi du Pagazaurtunduak. Ondoren, Florencio Dominguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendariaren esku utzi dute. Hain zuzen, asteazkenean, “Joseba Pagaza: un grito de libertad” izeneko erakusketa irekiko dute aipatu zentroan.

Buzoia 2015ean jarri zuten, eta orduan adierazi zutenez, “Andoainen bizi diren Josebaren hilketaren ehunka konplizeek bere erruduntasuna idatziz adieraz zezaten erraztu” nahi izan zuten era horretan.  

Estibalitz Garmendiak eman dio buzoia Florencio Dominguez Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendariari.

 

Gaur eguardian egin den omenaldi ekitaldian, Maite Pagazaurtunduak, Fernando Savaterrek eta Ego On gazte elkarteko Natalia Merinok hartu dute hitza, eta hirurek ere bi ideia nagusi, gaitzespena eta salaketa alegia, zabaldu nahi izan dituzte. Batetik, “ETA eta bere proiektu politiko hiltzaile, totalitario eta xenofoboa” gaitzetsi dute, eta horren oroimena ez dela galdu behar aldarrikatu dute. Eta bestetik, salatu dute aipatu proiektu politiko hori inoiz baino indartsuago dagoela instituzioetan, eta hori hein batean "Euskadin, Nafarroan eta Espainian gobernatzen dutenen politikoengatik" dela.

 

Salaketa klase politikoari

Arrenkuraz mintzatu da Pagazaurtundua, salaketaren arloan: “Euskadi, Nafarroa eta Espainiako iritzi publikoan erdigunean dago Otegiri interesatzen zaiona; presoak eta haien iragana eta siglak zuritzen ari dira pixkanaka, Nolanahi ere, ez dago iskanbilarik egunerokotasunean. Azpimarratu behar dugu Otegik eta konpainiak ez zuela onartu inolako zoru etikorik Eusko Legebiltzarrean, eta, hala ere, normalizatu egin da haiekin egindako ituna, eta horrek intoxikatu egiten du euskal politika eta batez ere, Espainiako politika”.

 

“Espainia batua, demokraziaren oinarri”

Savaterrek Pagazaurtunduaren ildo beretik jo du, eta adierazi du ETA jada ez duela hiltzen “ezin duelako, eta ez dutelako hil beharrik onura politikoak izateko”.

Dena den, gogorarazi du ETAren atzean omen zegoen ideologia, burujabetasuna, dela borrokatzen segi behar dena. “Kontua ez da hiltzea gaizki egon zela onar dezaten. Konstituzioa aitortu behar dute, batzen gaituzten gaituzten legeak dira, eta Euskadin “Espainia demokratikoa” askatasunaren izena da. Defenda dezagun Espainia demokratikoa, Espainia batua, hori baita euskaldunen askatasunaren bermea. Espainia batu horretatik kanpo, ez dago askatasunik, herrialdeko herritarrentzat tribu bateko kideak izango gara, baina ez herritarrak. Hiritarra estatu demokratiko batekoa da, kasu honetan Espainia deitzen dena. Eta hori defendatu dugu, hain justu eta ez etakideek eta nazionalistek ere nahi ez dutena. Separatismoa askatasunaren etsaia da Euskadin, indarkeria mugiarazi duena da. Gaur egun ez dute indarkeria mugitzen, ez baita beharrezkoa; Madrilera deituz gero, nahi dituzten sariak edo nahi dituzten eskakizunak iritsiko zaizkie gobernuari eutsi ahal izateko.“.

Madrilgo gobernua boteretik urruntzearen aldeko desioa azaldu du, ondoren: “Egungo gobernutik libratuko garen egunean, orduan ez dute inori deitzeko aukerarik edukiko, eta horrela, herri honek merezi duen kutsu demokratikoa berreskuratu ahal izango dugu. ETAren lagunek ez zuten inoiz horrenbesteko pisurik izan Espainia osoko gobernuan; horregatik, indar guztiarekin segi behar dugu borrokatzen printzipio batzuk defendatzeko; esku artetik urruntzen ari zaizkigu printzipio horiek, baina ez dut uste konpondu ezineko egoeran egon gaitezkeenik oraindik”.

“Viva la Libertad” eta “Viva España” oihukatuz amaitu du mintzaldia Savaterrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!