Rafael Benitez herriko zapatariaren tresneria, dohaintzan emana

Xabier Lasa 2023ko ots. 8a, 07:00
Benitezen seme Kepa eta Diego, Burdinako Txanka Arrutirekin dohaintza egin zen egunean

Rafael Benitez Anguas iazko ekainaren 18an hil zen, 94 urte zituela. Quintana de la Serena herrian (Badajoz) jaio zen 1927an. Gaztetan, zapatariaren ofizioa ikasi zuen bere anaiekin batera, eta zapata-lantegi batean jardun zuen. 50eko hamarkadaren hondarrean, Extremaduran bizimodua atera ezinik, Maria Antonia Orellana bere emaztea eta biak Euskal Herrira migratu zuten.

Anoetara lehenbizi, Andoainera ondoren. Bertan, hiru seme-alaba eduki zituzten: Kepa, Diego eta Maite. Rafael Benitez tailer batean torlojuak egiten hasi zen lanean, baina agudo ohartu zen katean lan egitea ez zela berarentzat egina, eta burujabe izateko zapata konpontzaile beharko zuela izan. Halaxe, Kale Nagusiko Argiñanea etxepean negozioa ireki zuen.

Rafael Benitez bere lantokian Loli Murillo bezeroarekin, Kale Nagusiko negozioan (Argazkia: Benitez Orellana familia)

 

Trebea zen esku-lanetan, maisua zen zapatariaren ofizio tradizionalean, eta herritarrek ederki estimatzen zituen haren konponketak.

Alabaina, zenbait urteren poderioz, beheko kale horretan ,euri jasekin eta Oria ibaia haztearekin batera Kale Nagusian eta Zumea kalean ohikoak izaten ziren uholdeek bakean uzten ez eta, Kale Berrira eraman zuen zapata-denda. Pozik instalatu zen lantoki berrian gizona, baina hara non, gutxira, 1983ko abuztuko uholde ikaragarria, Kale Berriraino zabaldu zela!

1992an jubilatu zen arte fin-fin eduki zuen irekia Kale Berriko oinetako-denda.

Benitez zapatariaren dohaintza Burdina taldeari

Burdina elkarteak ireki duen Gordelekua tresneria eta objektu zaharrez hornitzen ari da poliki-poliki, tarteka herritarrek eskura jarritako dohaintzei esker. Azken ekarpena, Rafael Benitez zapatariaren familiak emandako tresneria izan da.

Burdina elkarteak ireki duen Gordelekua tresneria eta objektu zaharrez hornitzen ari da poliki-poliki, tarteka herritarrek eskura jarritako dohaintzei esker. Azkena, Rafael Benitez zapatariaren familiak emandako tresneria jaso du.

Rafael Benitez Anguas iazko ekainean zendu zen, 94 urterekin; 1982an jubilatu zen arte, hamarkadetan, Andoainen zapatari estimatua izana zen. Orain, familiak bere lan-tresneria Gordelekuan uztea erabaki du, eta urtarrilaren 18an, Kepa eta Diego semeek Burdina taldeko Txanka Arrutirekin egin zuten dohaintzaren gauzatzea.

Tresneria sortatik, aipa daitezke zenbaitzuk: abarka-ziria, eskuko-daratulua edo zulagailua, zapatariaren-Ingudea, larrukigilearen tresneria berezia, bihurkina, abarka-eztena, aliketa edo errematxagailua. Horietatik bakar batzuek gaur egun oraindik ere zapatariek erabiltzen dituzte; gehienak, ordea, aspaldian bazterrean utzi ziren, merkatuan modernoagoak asmatu izanagatik.

Burdina elkarteak Benitez Orellana familiari eskerrak eman zizkion egindako dohaintzagatik. Aldi berean, agindu zion etorkizunean tresneria guztia txukun-txukun jarri eta Gordelekuaren erakusketara batzeaz gain, tresna bakoitzarekin dokumentazio lana burutuko duela. Ekitaldi berean, Arrutik gonbidapena luzatu zien herritarrei, sotoan edo ganbaran gordeta eduki ditzaketen tresneria Burdinaren esku utz dezaten. “Gure arbasoen lanbide tradizionalak, bizimodua eta mentalitatea islatu dezakeen edozein erraminta, tramankulu edo agiri jasotzeko prest gaude. Ezinbestekoa iruditzen zaigulako, gizarte batek jakin dezan bere aurrekoak zer izan ziren, zer egiten zuten, zer pentsatzen zuten…, aurrera egiteko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!