Berrozpeko Pakita Lizaso mojari agur beroa eskaini zioten Kaletxikiko adiskideek

Xabier Lasa 2023ko ots. 9a, 14:44

Pakita Lizaso Jesusen Alabak kongregazioko moja azpeitiarra Berrozpeko etxean bizitu da azken urtetan. Lagun ugari egin ditu urte horietan Kaletxiki auzoan, eta orain, kongregazioak Donostian daukan erresidentziara joateko ordua iritsi zaionean, Kaletxikiko auzotarrek maitasunez egindako agurreko-ekitaldia eskaini zioten Ontza elkartean, atzo arratsaldean. Agurra, bideoan ikusgai dago:

Auzoko makina bat lagun bildu zen Ontzan bertan antolatu zen agurreko ekitaldira, txokolate jatean parte hartuz. Zenbat daukaten estimuan adierazi nahi izan zioten era horretan. Bizilagunek, oroigarri gisa, lepokoa edo zintzilikarioa eman zioten. Lepokoak, Berrozpe etxearen irudiarekin batera, kaletxikitar askorentzat diren bi leloak, “Gora Kaletxiki, Gora Ama Kandida!”, grabatuta dauzka.  

Pakita Lizaso, "Gora Kaletxiki, Gora Ama Kandida!" leloa inskribatuta daraman lepokoa jaso zuen unean.

 

Pakitak berak eskerrak eman zizkien opariagatik, eta zera aitortu: “oparirik ederrena, zuek hemen ikustea da!”. Kaletxiki eta kaletxikitarrak bihotzean betirako eramango diotela ere gehitu zuen.

Lizasok 1955ean jantzi zuen Jesusen Alabak kongregazioko habitua, eta geroztik hamarkadetan han-hemen irakaskuntzan jardun zuen. Horietatik, bederatzi urte Andoaingo Berrozpeko ikastetxean egin zituen.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!