"Ez dadila lotsatu edo izutu sekula Kalderero konpartsan atera ez den herrikidea"

Xabier Lasa 2023ko ots. 10a, 08:54

Aurten ere Hungariatik Andoainera helduko da Kaldereroen konpartsa. Larunbat arratsaldean izango da, eta herrigune osoa zeharkatuko dute. Jesus Ibañez "Txupi" kalderero konpartsako eragilea da.

Xabier Lasa andoain

Kontatuko al diguzu noiz ikusi ahal izango dugun Kaldereroen Konpartsa herriko kaleetan? Egingo duen ibilbidea, geldialdiak…

Kaletxikin jarri da hitzordua, 17:00etan. Hortik, Zaharren egoitzara abiatuko gara, eta bertan bizi diren egoiliarrei eta langileei saioa eskainiko diegu. Ondoren, Goikoplazara igoko gara. Kanpamentua jarriko dugu bertan 17:30ak aldera, eta kaldereroen kantutegiko hainbat doinu biziberritzeaz gain, Erreginak eta bere damak hitza hartuko dute udaletxeko balkoira igota. Zumea Plazara heldu bitartean, geldialdi mordoa egingo dugu: Plaza Morean, Juanita Alkain plazan, edota Urkiola, Txindoki eta Gaztelutxo tabernen parean. Gora Kaletxiki Txarangaren esku joango da musika, Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean, beti bezala. Ez dugu ahaztu behar, berak sortuak direla kantutegiko zenbait pieza, “Andoaingo Kaldereroak” izeneko doinu bizia, besteak beste.

Erregina eta bere dama Andoaingo Kaldereroen ezinbesteko osagaiak izaten dira. 

Luciano Uribesalgo eta Joxean Well animatu zaizkigu bi paper “izar” horiek betetzera aurten; grazia asko eta lotsa gutxi behar da bi figura horien larrutan sartzeko, eta biak ere ondo moldatuko direla iruditzen zait (barreak). Karrozan beste laguntzaile gaztetxoak bidelagun ibiliko dira ibilbide guztian, baina ohitura denez, Goikoplazan, udaletxeko balkoira igo, eta publikoak ikusmin bereziarekin espero izaten duen mintzaldia egingo dute. Betiko legez, Andoainera etorri ziren azken alditik herria zenbat aldatu den azalduko dute, eta batez ere, 2022ko urtean barrena herrian izan diren zenbait gertakizun hizpide izango dituzte, ironia eta ateraldi xelebreak nagusi izanda betiere.

Irekia da Konpartsa.

Erabat! Festarako gogoa daukan edonork har dezake parte. Eta ez da instrukzio edo azalpen askorik behar, nahiko jakinekoa da nola behar den etorri: tradiziozko jantzia soinean, eta, zartagina eta mailua eskuetan… Entsegurik ez dugu egingo aurten; izan ere, beste urtetan noiz edo noiz probatu duenak badaki zertan den festaren muina... Lehenengo aldiz parte hartzeko tentatua dagoen horri, berriz, animatu dadila esango nioke. Ez dadila lotsatu edo izutu; behin Konpartsan murgilduz gero, ibilian-ibilian, erraz hartuko du erritmoa. Ziur gozatu egingo duela jaiarekin, eta hurrengo urtean errepikatzeko grina sartuko zaiola gorputzean!

Afariarekin amaitu ohi duzue jaia, larunbatean.

Bai, Errekaburu elkartean biltzen gara. Bertan parte nahi duenak, 679043812 telefonora deitu besterik ez du, baita egunean bertan. 20 eurotan jarri da prezioa.

Bezperan, ostiralean, Ondarretako ikasle gazteen Kaldereroen jaia ospatzeko ohitura hartu duzue azken urtetan.

Festa polita da, umeek izugarri gozatzen dute! Sekula parte hartu ez duen herritarrari gerturatzeko gomendatuko nioke; 15:30etik 16:30erako tarte horretan, Ondarreta eta Santa Krutz ermita bitarteko joan etorria egiteko. Merezi du. Gora Kaletxiki txarangako musikariok beti aritu izan gara pozik kalejiran.

Badira hamarkadak Andoainen helduen Kaldereroen konpartsa irteten dela kalera. Jaia errotuta dagoela esan al daiteke?

Ez nuke esango hala denik. Kostatzen ari zaigu urtez urte antolatzea eta herritarrak erakartzea, eta hori ez da seinale ona. Eta ez dakit zein den arrazoia, zehazki. Andoainen bestela ere jai ugari ditugulako? Ez delako geure-geuretzat hartzen? Zer esango dizut, ospakizuna, berez, alaia eta umoretsua da, aspaldiko tradiziotik dator Euskal Herriko zenbait tokietan, inauteriak iragarri izan dituena beti…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!