Joan den urteko lorpenei eutsi nahi die Andoaingo Txirrindularitza Eskolak, baita gainditu ere: pedalkadei gogor emateko prest dira.
Iragan urtea borobilduta, kemenez hasi nahi dute Andoaingo Txirrindulari Eskolako emakumeek aurtengo denboraldia. Udaberritik aurrera, etxe gertuko nahiz Espainiako errepideetan barrena murgilduko dira. Bien bitartean, kostaldeko bihurguneetan gozatzen dute gehien, eta pozgarria zaie infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan kideak dituztela ikusteak.
Gogor datoz Intza Navarro, Ixiar Alkain, Izaro Zuriarrain, Irati Aranguren eta Izaro Etxarri.
Lorpen politak, interesgarriak eskuratu zenituzten 2022an. Prest al zaudete 2023ak dakartzan erronkei erantzuteko?
Bai. Aurten, banatu egingo gara. Lehengo urtean, lau neska ginen kadeteetan; orain, aldiz, erdia, bi jubeniletara igaro garelako, eta, kategoria horretan, taldea osatzeko aukera daukagu. Talde gisa lehiatzen ikastea da xedea, eta, jubenilen kasuan, mailari neurria hartzea. Kadeteei dagokionez, lehiakide gogorra geneukan, eta, askotan, joaten uzten genion. Bada, taldean lana eginda, aurten, behin baino gehiagotan aurrea hartu diezaiokegula uste dugu.
Infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan dituzue kideak. Pozgarria da askotariko adineko emakumeak zaudetela ikustea, ezta?
Geroz eta emakume gehiago ari dira sartzen txirrindularitzan, eta pozgarria da hori, belaunaldi berriak datozela ikustea.
Entrenatzera errepidera irten behar. Zer moduzko gidariak daude Euskal Herrian?
Denetik dago, baina, azkenaldian, oso txarrak. Batzuk, errespetuz, tartea hartuta aurreratzen dizute, beste batzuei, aldiz, berdin zaie nola pasa. Askotan, bozina jotzen digute. Eta, neskak garela ikusita, gehiago. Egia da txirrindulari txar asko dagoela, baina gidariak ere bai!
Tamalez, lasterketa gutxi egiten dituzue Gipuzkoan, sei, zehatz-mehatz. Ondorioz, urrutira joan behar izaten duzue, nora?
Valladolid, Leon, Balmaseda…
Horrelakoetan, asteburu osoa hartzen al dizue lasterketak?
Normalean, egun berean egiten dugu joan-etorria. Oso urruti bada, egun bat lehenago, baina ez da ohikoena. Goizeko 06:00tan esnatu egin behar izan dugu inoiz lasterketara joateko, baita iluntzeko 20:00tan etxeratu ere. Egun osoa kentzen dizu.
Errendimenduan, eragina izango du horrek?
Bai, jakina. Azkenean, ez da gauza berbera, hiru ordu kotxez egin behar izatea edo etxetik hamar minutura edukitzea lasterketa. Alde handia dago.
Askotariko txokotako txirrindulariak biltzen zarete lasterketetan.
Espainiako Kopa denean, esaterako, ia lasterketa guztietara joaten dira txirrindulari asko dauzkaten talde handiak. Ez gaude neska asko; ondorioz, elkartu egin behar.
Ezaugarri ezberdinak dituzten errepideetan entrenatzen duzue. Alegia, toki askok ez dituzte, besteak beste, Euskal Herrian dauden malda gorabeheratsuak.
Bai, dezente. Hemen, jaitsierak dauzkazu, baina, Valladoliden, esaterako, ez, eta antzematen da hori. Horrez gain, ez da modu berean sartzen haizea eta tenperatura ere aldatu egiten da. Horrek denak baldintzatu egiten du.
Txirrindulari gutxi zaudetenez, tarteka, mutilekin lehiatu behar…
Hori da. Nahiz eta oso aurrean ez amaitu, ondo datorkigu, erritmoa hartzeko. Horietan, lasterketa amaitzea izan ohi dugu xede. Oso desberdina da, jarreratik hasita. Mutilen kasuan, hasi bezain pronto estutzen dute. Neskei dagokionez, azken aldapan edo portu batean gertatu ohi da hori.
Udaberria hastearekin batera, lasterketen martxan sartuko zarete berriz. Pedalkadei gogor emateko prest?
Kantabrian, Nojan hasiko dugu denboraldia, Espainiako Koparekin. Besteekin alderatuta, ea nola gauden ikusi nahi dugu. Gogo handia dugu, aurrera-denboraldia luzea egiten da eta!
KADETE ETA JUNIOR MAILAKO NESKAK
Andoaingo Txirrindulari Eskolako neskek maila handia erakutsi zuten, iaz. Gauzak ondo, bide beretik ibiliko dira 2023an. Poz ugari eskainiko dizkiete klubari eta etxekoei.
- Kadeteak: Izaro Etxarri, Itziar Alkain eta Irati Aranguren.
- Juniorrak: Intza Navarro eta Izaro Zuriarrain.
- Prestatzaileak: Arene Etxarri eta Aitzol Zuriarrain.