Andoaingo adinekoen foroa sortzeko lehen urratsa eman dute udaletxean

Aiurri 2023ko ots. 15a, 12:52

Andoaingo adinekoen foroa sortzeko lehen urratsa eman dute udaletxean. Topaketa gune bat sortzea dute xede, bizipenak, eskarmentua eta ezagutzak partekatzeko, gizataldeari eragiten dioten arazoak mahaigaineratzeko eta horien gainean hausnartzeko.

Gizarte Zerbitzuen lansailean antzemandako beharrizana da, hau da, adinekoen eskaerak eta nahiak biltzea, horrela gizatalde horri zuzendutako egitasmoek harrera eta oihartzun hobea izateko. Aintzat izanik herritarren ia laurdenak 65 urtetik gorakoak direla, Udalak foro hau bultzatzearen aldeko nahia azaleratu du. 

Maider Lainez alkateak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da adinekoak zaintzea, baina haien iritzia ere jakin behar dugu eta haien ekarpenak jaso behar ditugu”. Horregatik, foro batean parte hartzera gonbidatu dituzte “foro horrek gizataldearen interes orokorreko gaiak jorratuko ditu, eta ez bertan ordezkatuta dauden elkarte, eragile eta partikularrenak”. 65 urtetik gorako edozein andoaindarrek har dezake parte eztabaida foroan. Izena emateko deitu 943 304 343 telefonora edo bidali e-mail bat gizartzerbitzuak@andoain.eus helbidera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!