Nondik datorkizu eskalatzeko zaletasuna?
Anaiarekin hasi nintzen eskalada munduan murgiltzen. Lehenik harroketan entrenatzeari ekin nion, eta, beranduago, 2015ean, gutxi gorabehera, izotz modalitateari eutsi nion.
Hortaz, zuzenean mendian eskalatzeari ekin al zenion?
Bai, hori da. Andoaingo Amasola eskalada gunean hasi eta, segituan, Huescako Riglos haitz artera joan nintzen. Anaiak materiala erosi eta ea eskalatzera joan nahi nuen galdetu zidan; ez nuen zalantzarik egin. Nire kasuan, praktikatuz ikasi dut eskalatzen.
Ezer ez jakitetik esperientziadun eskalatzailea bilakatu zara. Azaldu apur bat bilakaera hori...
Zorte handia eduki dut. Inguruan esperientzia handiko eskalatzaileak eduki ditut, oso aberasgarria da dakitenengandik ikastea. Horrez gain, azken urteetan, bidai asko egin ditut eskaladari lotuta, eta, horrelakoetan, lagun ugari egiten dira, zaletasun berekoak. Horiek horrela, kontaktua mantentzen dugu, ahal dugunean eskalatzera joateko.
Maila handiko eskalatzaileekin joaten zarenean, gauza oso interesgarriak eta baliagarriak ikasten dituzu, beraz, esan nezake eskalatzaile onenengandik ikasi dudala harrietan gora egiten.
Arestian aipatu bezala, arroketan eskalatzen hasi zinen, baina, jada, izotzetan eskalatzeari ere ekin diozu. Zein dira bi modalitateen arteko ezberdintasun nagusiak?
Hasteko, bata arroketan eskalatzen da, eta, bestea ur-jauzi izoztuetan. Andoaingo Amasola edo Hernaniko Santa Barbara, esaterako, kirol eskaladaren barnean sartuko genituzke, eta taladroarekin zulatutako seguroez osatuta daude. Beste arroka-gune batzuetan, zure burua segurtatu behar duzu, ez dagoelako ainguratzerik edo zure burua zintzilikatzeko gune finkorik.
Izotzetan eskalatzea, berriz, oso ezberdina da. Baldintzak oso aldakorrak eta ezegonkorrak izan ohi dira. Zure burua segurtatu behar duzu, baina tenperaturaren arabera, izotza, gorrago ala bigunago egon daiteke. Beraz, hiltzeak sartzeko edo eskalatzeko zailtasuna handiagoa edo txikiagoa izango da. Jakintza maila handiagoa eskatzen du.
Materialari dagokionez ere, ezberdintasun handiak egongo direla pentsatzen dut...
Arroketan eskalatzeko, nahikoa da katu oinak, soka, arnesa eta 'grigri' zein 'express'ak edukitzea. Izotzetan, berriz, material gehiago behar da: kranpoiak, piolet teknikoak, izotza zulatzeko tresneria, torlojuak, arropa egokia eta arnesa, beste batzuen artean. Horiek horrela, izotzetan eskalatzea ere garestiagoa da. Dena den, materialaren kantitatea egingo den ibilbidearen araberakoa izango da; hots, ez da gauza berbera, 50 metroko ur-jauzi bat eskalatzea edo 700 metroko ibilbide bat egitea. Faktore asko hartu behar dira kontuan.
Hortaz, arriskutsuagoa izango da izotzetan eskalatzea, ezta?
Neurri batean, bai. Hala ere, baldintza egokietan eta dakien norbaitekin eskalatuz gero ez dago ezer gertatu beharrik. Esan beharra dago, izotza baldintza egokietan harria bezain gogorra dela.
Tentsio unerik bizitu al duzue izotzetan eskalatzen?
Egia esan, ez. Harroketan, aldiz, bai. Esaterako, duela bi hilabete lagun batek 15 metroko erorketa eduki eta kolpe handi samarra hartu zuen; zorionez, ondo dago, soilik, gorputza mindua eduki zuen hurrengo egunetan. Eta horrela, zenbait pasadizo kontatuko nizkizuke. Hala ere, jazoera larririk ez.
Prestakuntza berezirik behar al da izotzetan eskalatzeko?
Lehen aldiz, askorik jakin gabe eskalatu nuen izotzetan, baina bazekien norbaitekin. Hala ere, oinarrizko jakintza edukitzea eta izotzetan eskalatzen dakien norbaitekin joatea ezinbestekoa dela esango nuke. Horrez gain, arroketan eskalatzea ere baliagarria izan daiteke, esperientzia hartzeko eta, ezberdina den arren, gutxieneko jakintza batzuk zeureganatzeko.
Oker ez banago, martxoan Kanadara joango zara beste kide batzuekin batera, izotzetan eskalatzera...
Halaxe da, hiru astez egongo gara Kanadan. Esan digutenaren arabera, eskalatzeko baldintza egokiak daude Ipar Ameriketan; hotz handia egiten du eta ur-jauzi gehienak izoztuta omen daude. Hala ere, eguraldiaren baldintzapean egongo gara. Dena dela, ahalik eta gehien eskalatzea da gure helburua. Hasiera batean, ur-jauzi txikietan entrenatzeko asmoa dugu, eta, ondoren, handiagoak egingo genituzke. Gainera, lagun talde polita elkartu gara: huescatar, bilbotar eta errioxar banarekin.
Zer behar du kirolari batek eskalatzaile izateko?
Iruditzen zait, mendizaleek eta eskalatzaileek antzerako profila dutela; hau da, hirietako aglomerazioak atzean uztea dute xede, naturaz gozatu eta egunerokotasuneko errutinatik ihes egiteko. Horrez gain, oso kirolari motibatuak dira, norberaren mugak non dauden jakitea gustatzen zaien horietakoa. Hortaz, gogoa edukitzea ezinbestekoa da.