N1 ANDOAIN A15

C2ak kaltetutakoen plataformaren mozioa aurrera atera zen, puntu bakarreko pleno luzean

Jon Ander Ubeda 2023ko ots. 21a, 12:09

EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alde agertu ziren, eta EAJ-PNV aurka.

Hitz egiteko gogoa nabarmen geratu zen, aztergai bakarreko plenoa bi ordu eta erdiz luzatu zelako. Gaiaren gainean direnentzat aski ezagunak dira posturak, baina beti daude ñabardura berriak. Jeltzaleek argi adierazi zuten ez zutela mozioa babestuko, eta plataformaren jardunbidea errespetatu arren kritiko agertu ziren. Sozialistek iraganean Plan Orokorra aurrera ateraz egin zuten lana defendatu eta gatazkak alde batera uzteko deia luzatu zuten. Elkarrekin Podemosek C2 egitasmoaren ondorioak kaltegarriak izango direla ohartarazi zuen eta EH Bilduk C2 gerarazi behar dela eta egitasmo alternatiboa landu behar dela aldarrikatu zuen.

Interesa bazegoela antzematen da, bideoak zuzenean eta ondorengo orduetan ehunka bisitaldi izan dituelako. Adierazpen ugari izan zen, tentsio uneak ere bai. Ikusi nahi duenak youtube bidez ikusteko aukera dauka.

Esandako guztitik, lagin modukoa:

Alderdi politikoak

EH Bildu | Jon Zulueta

EH Bildu C2ren aurka mintzatu zen, eta hori geldiarazteko jokabide irmoa hartzeko eskatu zion alkateari. Alegazioen bidea baino, EH Bilduk defendatzen duena egitasmoa geraraztea da. Bestela, Jon Zulueta bozeramailearen ahotan, “Andoaingo hurrengo 30-40 urteko etorkizuna baldintzatuko da. 2019tik ari gara gai hau mahai gainean jartzen, udaletxean. EH Bilduren jokabidea zein den argia da. Aski ezaguna da. Eta gobernu taldeak zerbait egingo du C2a gerarazteko? C2a geldiarazi nahi da? Ala ez?”.

Elkarrekin Podemos | Tere Santana

“Espainiako Gobernuan aurrekontuak adosten dira, partida bat bideratzen da alderdi ezberdinak pozik uzteko, baina ez dakigu benetan partida horrekin zerbait egin nahi den edo ez. Gure taldeari ezezkoa iruditzen zaio. Erakunde ezberdinak daude, baina Andoainen botoa ematen digute Andoainen alde aritzeko. Eta gure ustez Andoaingo alkateak herritargoa defendatu behar du. EAJ-PNVren jokabidea koherentea da izaten ari da C2aren defentsan, baina ez dut sinesten C2a egitasmo ona dela uste duzuenik”.

EAJ-PNV | Marijose Izagirre

“Denontzan ezaguna da aferaren inguruan jeltzaleok dugun iritzia. Koherentzia izan dugu gai honetan. Interes partikularrak, onura pribatua bilatzen dutenak daude. Baina ikuspegia altxa eta kolektiboan pentsatu behar da. EAJ-PNV ados dago zaratari eta kutsadurari lotutako afekzioei irtenbidea emateko. Ingurumen mailako eragina txikitzearen alde dago. Baina horrek ez du esan nahi Plan Orokorra eta saihesbidea direla alternatiba bakarra, gaurko plenoan aditzera eman nahi den bezala”.

PSE-EE | Maider Lainez

“Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zela hamabi urte beteko dira egun hauetan. Estanis Amutxastegik orduko hartan adierazi zuen plan orokorrak errealitate berria eskaintzen ziola udalerriari. Hirigintzaren ikuspegitik eraberritu, sistema ekonomikoa eraberrituz eta aberastuz. Bizi kalitatea hobetuko litzatekeela adierazi zuen ere. Hamabi urte beranduago alderdi sozialistaren beste alkate batek hitz horiek errepikatzen ditu, ikuspegi integratzailea eta eraldatzailea zuen plana defendatuz”.

C2ak kaltetutako platafoma

Iñaki Perez de Eulate

“Kaltetutakoen plataforma bat osatzen dugu. Herritarron ordezkari zareten heinean ondo edo gaizki egiten ari zareten aztertzen saiatzen gara”, adierazi zuen eta ordubete luzea eman zuen zeregin horretan. Hirigintza, trafikoa, kutsadura… elementu ugariren erreferentziak egin zituen, ondorengo esaldia adierazteko testuingurua sortuz: “N1aren ibilbidea lekuz aldatzeko egitasmoaren zain daramagu hogeita hamar urtez eta orain norbaitek bere horretan jarraitzea erabaki du”.

Trafikoa ez ezik, udalerri mailako ikuspegia aintzat hartzen duen alternatiba defendatzen dute eta horrexegatik abiatu dute sinadura kanpaina. Jasotako babes zabala nabarmendu zuen: “Hemeretzi egun eta gero, 184 sinadura berri jaso ditugu gaurkoan”. Dagoeneko hiru milako langa ganditu dutela adierazi zuen.

Gaueko 21:30tan amaitu zen plenoa. Batzar aretoan dozenaka lagun zeuden, eta kanpoaldean plataformako kide gehiago. Aferak gori-gori jarraitzen duen adierazle.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!