[Elkarrizketaren aurrerapena]

"Osasun publikoaren alorrean jokoan dagoena askotxo da, eta denon premia dauka bere defentsak"

Xabier Lasa 2023ko ots. 22a, 08:13

Manuela Perez andoaindarrak 30 urte daramatza Osakidetzan, mediku gisa. Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko zuzendaria da Donostialdeko ESIn, eta gertutik bizi du bertan piztu den krisia. Aiurri hamaboskarian argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena, jarraian.

Krisia piztu da Donostialdeako ESIn azken aldian, eta protagonismo handia hartu duzue bertako zerbitzuburuek.

Gertakizunak kateatzen joan dira abenduaren 1az geroztik. Itziar Perez gerentziako zuzendaria kargutik kendu zuten egun hartan, eta, biharamunean, antzera jokatu zuten Idoia Gurrutxaga zuzendari medikuarekin; Adolfo Begiristain eta Maite Martinez azpi-zuzendari medikoek, berriz, dimisioa aurkeztu zuten, laster. Gauzak horrela, Gurrutxagak bilera batera deitu gintuen zerbitzuburuei, azalpenak emateko. Orduan, zuzendaritzatik bilera bertan behera uzteko eskatu zioten Gurrutxagari, eta honek, agindua bete egin zuen. Nolanahi ere, zerbitzuburu gehienek, lehenbiziko protestari ekin genion ospitaleko sarreran. Inpaktu handia eragin zuen argazki horrek, nonbait.

Geroztik, medikuok batzar eta elkarretaratze ugari egin ditugu sarreran bertan, astelehen goizetan, gehienetan, eta bost puntuko eskakizuna aurkeztu diogu Osakidetzako zuzendaritzari.

Pittin bat harrigarria egiten da zerbitzuburuek hartu duzuen dinamika.

Egia da sindikatuen eskutik joan dela aldarrikapenen atala historikoki. Baina osagarriak dira sindikatuen bidea eta guk orain hartutakoa. Gu ez gara mugitzen ari geure postuak defendatzeko, ezta Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko lehia pizteko ere, batzuren batzuk horrela pentsa dezaketen arren. Geure eskakizunak ez doaz lan-baldintzak (ordutegiak, soldatak…) hobetu nahiaren bidetik. Giza baliabideen kontratazioetan gardentasuna eta erabakiak hartzerakoan, goitik-beherako mentalitatea baztertzea eskatzen dugu.

Erreakzio espontaneoa izan da gurea hasieratik, lehen esan bezala. Eztanda egin du, jada, iraganetik genekarren ezinegonak. Pandemiako denboraldian, isilik aritu gara lanean, baina, jada, protesta egiteko unea iritsi zaigu, azken erabaki horiek errealitate zehatz bat bistaratu baitute: erabakiak hartzerako orduan, irizpide politikoak nagusitzen ari dira osasungintzarekin lotutakoen gainetik; ez dira aktibatzen profesionalez osatutako parte-hartze organoak, osasun publikoaren kalitatea gainbeheran dago…

Hainbat sindikatuk manifestazioa deitu dute otsailaren 25erako, osasun sistema publikoaren alde.

Osasun publikoaren alorrean jokoan dagoena askotxo da, eta denon premia dauka bere defentsak: sindikatuena, osasun langileena, herritarrena… Oso egoera kritikoan gaude, eta berandu baino lehen mugitu beharra daukagu guztiok.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai izango da, asteburuan, Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Erlazionatuak

Manifestazioa, otsailaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT SINDIKATUAK 2023 ots 22 Eskualdea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!