Andoainen Tokiko Komunitate Energetikoa sortzeko bidean

Aiurri 2023ko ots. 23a, 14:40
Petri Romero, Maider Lainez, Jose Ignacio Asensio eta Monica Pedreira

Andoainen TEK (Tokiko Komunitate Energetikoa) sortzeko prozesuaren berri eman dute gaur eguardian. Allurralde kiroldegian eta Ondarreta ikastetxeko aterpean 370 plaka instalatuz, herriko familiei “Energia garbia, zero kilometrokoa eta autokontsumo formatuan ekoitzi eta kontsumitzeko aukera emango” zaiela herritarrei azpimarratu dute. Aurkezpenaren bideoa, ikusgai:

Jose Ignacio Asensio Ingurumen Diputatuak, Monica Pedreira Ingurumen Zuzendariak, Maider Lainez Alkateak eta Petri Romero Berdintasuneko zinegotziak aurkeztu dute ekimena, gaur eguardian. Jakinarazi dutenez, epea ireki da TEK Andoaingo kide izan nahi duten herritarrek izena eman dezaten. Era berean, gogorarazi dute otsailaren 28an, asteartearekin, 18:30ean, Basteron informazio-saio bat egingo dute egitasmoaren berri emateko.

Asensiok adierazi duenez, “Energia gizarte-eskubide bat da, eta eredu berri bat behar du etxeak ahalduntzeko, energia-sistemaren erdian kokatzeko eta energia garbia eta fakturan dirua aurrezteko beharrezko tresnak eskuratzeko”. Erantsi duenez, “batez ere, bizitzen ari garen garaiotan, gure etxe eta dendetan energia-kontingentziarako neurriak ekarri dituen energia-egoera korapilatsuarekin, bultzatzen ari garen energia-ereduak lagunduko die familiei elektrizitatearen prezioen gorabeherak arintzen”.

TEK bezalako ekimenek “Energia demokratizatzeko eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa eta eraginkorragoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidean” jartzen gaituztela, eta “pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ekartzen duela” ere esan du Ingurumen diputatuak.

Maider Lainezek adierazi du bi instalazio berri horiek jarrita Udalak “apustu argia egiten” duela “Andoain gero eta udalerri jasangarriagoa izan dadin, eta gero eta gehiago inplikatu dadin energia berriztagarrien alde eta klima-aldaketaren aurkako borrokan”. Gaineratuz duenez, “Ukrainako gerrak gure energia-mendekotasuna erakutsi digu, eta horrelako ekintzak lehen pausoa dira autosufizientzia energetikoa lortzeko, funtsezkoa baita giza garapen jasangarria lortzeko”.

 

Andoaingo 250 etxe eta dendetara

Bultzatzaileek zehaztu dutenez,166 kW-eko instalazio bat egingo da, 1.100 m2 ko azalera erabilgarriarekin. Instalazio horretatik 2 kilometroko erradioan dauden Andoaingo 250 etxe eta dendari energia berdea emango die autokontsumoan”. Aurreikuspenen arabera, udalerriko 250 familia eta denda hornituko dira, eta era horretan, komunitateko kideek fakturan % 25era aurreztu ahal izango dute.

TEK Andoain proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Andoaingo Udalak sustatzen dute, energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzeko asmoz. %100ean Petronorren filiala den Edinorrek diseinatu du eredua.

370 plakak jarriko dira guztira, Udalak utzitako bi udal-eraikinetan (Allurralde eta Ondarreta ikastetxea), eta horretarako Aldundiak 30.000 euroko inbertsioa egin du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!