[ARGAZKI BERRIAK]

'Berdintasunaren oihalak' martxek Andoain zeharkatuko dute, datorren martxoaren 4an

Jon Ander Ubeda 2023ko ots. 23a, 20:24

Azken asteotan oihal zatiak jaso eta josi dituzte Andoainen, auzolanean. Adin eta izaera ezberdina duen emakume taldea lan eta lan ari da, martxoaren 4ko berdintasunaren aldeko martxari begira.

Haria eta jostorratza hartuta, serio demonio ari dira. Martxoko lehen larunbateko ekitaldiak arrastoa utziko duen horietakoa izango da.

Ekimenaren izenetik abiatuta, oihalek garrantzia berezia hartuko dutela antzeman daiteke. Eta horren baitan dozenaka konplize lotzen ari dira, argazki-sortan ikus daitekeenez.

"Berdintasunaren Oihalak" martxoaren 4an ospatuko da, eguerdiko 12:00etatik 14:00tara. Gaurkoz aurreratu daitekeenez, San Juan bataiatzailea adinekoen egoitzatik eta Algodonerako Emakumeen plazatik martxa bana abiatuko da, eta bi oihal-zutabeek bat egingo dute Plaza Morean. Elementu ezberdinez osaturiko ikuskizun nagusia Bastero Kulturgunearen aurrean izango da, baina bidean sorpresa ezberdinak topatuko dituzte martxako partaideek.

Auzolanean, etenik gabe, ekimen betean dira. Gauzak ondo, ekitaldi ikusgarria izango da. Parte hartzailea, koloretsua eta integratzailea. Beti ere berdintasuna ardatz hartuta.

Deitzaileek honako mezua zabaldu dute:

Andoaingo kaleak hartzera goaz!

Berdintasun oihalez hartuko ditugu kale eta plazak. Modu sinbolikoan eta modu fisikoan ere bai! Batu zaitez zu ere!

Martxoaren 4an berdintasunaren aldeko martxa bana aterako da Andoaingo punta banatatik, eguerdian. Emakume izena duten herriko kale eta lekuak zeharkatuko ditugu eta Bastero parean egingo dute bat. Morez eta kolorez jantziko dugu plaza emakumeen aldeko aldarrikapen ekitaldi berezi-berezian. Sorpresaz betetako festa haundia izango da!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!