“Gogor ekiteko gogoz nago”

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 2a, 20:38

Alderdiaren, etxekoen eta herrikideen babesa jaso du Imanol Goenaga EAJ-PNVko alkategaiak, gaurko aurkezpenean.

“Sinestuta hago, hire hautagaitza sendoa da”, hitz horiek izan dira Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarrak Imanol Goenagari adierazi dizkion lehenak. Adierazpena hasi aurrekoa izan da, hautagaitza eta ekitaldia bera bataiatuz bezala.

Alderdiko ekitaldia izan da, eta ez edozein ekitaldi. Lehen mailakoa izan da azpiegitura, eszenografia eta solaskideen mailari dagokionez. Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia bertan izan da, eta baita aurretik aipatu Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendakaria ere. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Sailburua ekitaldian izan da, bere lansaileko kide baita Imanol Goenaga. Egun seinalatuan, ez du hutsik egin nahi izan.

Gaurko protagonista herriko alkategaia izan da, Imanol Goenaga Egibar. Ekitaldia hasterako bertan ziren bere etxekoak, Andoaingo jeltzale eta alderdikide historiko ugari eta baita Eusko Jaurlaritzako eta EAJ-PNVko kargu ugari. Gogoz eta hunkituta abiatu du agerraldia, Goenagak.

Alkategaiaren adierazpena

80ko hamarkadako Andoain gogoan izan du, aitonaren garaiak hizpide hartuta, Goenagaren ustez garai hartan jarri zirelako Andoaingo egungo oinarriak. Geroztik "batzuk eta besteak izan dira agintean, egiten eta desegiten", eta haren ustean Andoain geldirik dago. Paralisi egoeran: “Andoain atzean geratzen ari da, badira kanpora joan nahi duten gazteak”. Eta horren aurrean zer egin? Aurrera egitea erabaki duela dio Goenagak, zerbitzu publikorako bokazioz lanean, herrigintza praktikatuz eta belaunaldi berriekin aurrera egiten ahaleginduz.

Eskerrak eman dizkio alderdiari, “nigan konfiantza jarri duzuelako. Gogor ekiteko gogoz nago”. Familiari ere eskerrak eman dizkio, “etxean jaso dugulako abertzaletasuna, herrigintza eta euskara”. Gure aurrekoei jarraipena eman nahi diela azaldu du, eta ilusioz egingo duela adierazi.

Andoainen epe luzerako proiektua falta dela dio: “Une garrantzitsua da. Andoainen ez dago lidergotzarik. Andoain grisa da, eta koloretako Andoain eraiki nahi dugu”. Hiru ardatz nagusi dituela aurreratu du. Labubilduz: Ekonomia azpiegitura sendoa garatzea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta andoaindartasuna indartzea. “Etxez etxe, kalez kale, auzoz auzo joango gara proiektu zabala osatu arte. Nola? Jarduteko modua aldatuz: talde lanean, auzolanean, gizarte eragileekin batera”.

“Arazo konplexuentzat ez dago soluzio magikorik” adierazi du. Andoainen badirudi soilik errepide kontuak daudelako kexu agertu da, eta berak merkataritzari, aparkalekuei eta bestelako arazoei heldu nahi diola iragarri du.

Txalo zaparrada batekin agurtu dute bere adierazpena. Segidan, Joseba Egibarrek ikuspegi zabalago batetik hitz egin die bertara hurbildu direnei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!