Kultur Aniztasunerako Ekintza Plana Andoaingo Udala, Elkarrekin Kooperatiba, EHU eta Asmoz Fundazioarekin elkarlanean jardunez prozesu komunitario baten emaitza izan da, eta bere osaketan hainbat udal sailek, ikastetxek, elkartek, gizarte erakundek eta GKEk hartu dute parte”.
Goikoplazan atzo, Ekintza Planaren gida aurkeztu zuten udal ordezkari politikoek, udal teknikariek, Elkarrekin Kooperatiba Txikiko kideek, herriko ikastetxeetako ordezkariek, Gazte Lokaleko arduradunek eta herriko gizarte eragileek. Herriko etxe guztietan banatuko da datozen egunetan. Gidak Ekintza Planari buruzko azalpenak bost hizkuntzatan (euskara, gaztelania, arabiera, errumaniera eta ingelesa) ematen ditu.
Lainezek gidaren aurkezpenean adierazi zuenez, “plana abian jartzearekin batera, prestakuntza orokor eta espezifikoa emango zaie inplikatutako eragile guztiei. Helburu orokorra izango dute irakasleak gaitzea, beren arloetatik askotariko errealitate sozial eta kulturalari erantzuten dioten ekintzak garatu ahal izan ditzaten”.
Prestakuntza hori 10-15 ordukoa izango da, eta martxoaren 13an hasi eta maiatzaren 15ean amaituko da.
Aurkezpen ekitaldian, alkateak ez ezik Elkarrekin Kooperatiba Txikiko Lola Boluda eta Jone Soto langileek eta jatorri errumaniarreko Maria Paniccik eta jatorri arabiarreko Salka Jabbarik ere hitza hartu zuten. Azken bi horiek eskerrak eman zizkieten ekimena bultzatzen ari diren Udaleko ordezkariei eta herriko eragileei.