Oihalak esanahi berezia izango du aurtengo egitarauan, "Berdintasunaren Oihalak" ekimena abian jarri baita. Larunbat eguerdian martxa bikoitza abiatuko da, eta jositako oihal erraldoiak eskuan hartuta, udalerria zeharkatuko dute. Bi martxak Bastero Kulturgunearen aurrealdean dagoen Plaza Morean amaituko dira, eta bertan ospakizun nagusiari hasiera emango diote. Aldarrikapenetik eta festatik, bietatik izango baitu ekimenak. Sorpresak izango direla igarri dute. Gauzak horrela, "Martxoak 8 Emakume" ekimena ordezkatzera datorren "Berdintasunaren Oihalak" aurkeztuko da herritarren aurrean.
Ekitaldi nagusia Plaza Morean
"Berdintasun Oihalak" ekimena larunbat honetan abiatuko da, eguerdiko 12:00tan, bi martxatan banatuta.
- Ama Kandida etorbidean dagoen San Juan Bataiatzailea nagusien egoitzatik abiatuko da martxatako bat. Kaletxikitik barrena Goikoplaza aldera igoko dira.
- Bigarren martxa ordu berean abiatuko da Algodonerako Emakumeen Plazatik. Kale Nagusian gora Juanita Alkain plazatxora hurbilduko da.
Bi martxak Plaza Morean elkartuko dira, eta Bastero Kulturgunearen kanpoaldean ekitaldi nagusia iragarrita dago. Ekitaldia baino gehiago, antolatzaileek "festa" modura deskribatuko dute. Izan ere, 14:00ak arte pintxoak eta disko-jartzailea iragarri dituzte. Aldarrikapenak egiteko aukera baliatuko dute, baina gainera sorpresak iragarrita daude. Ekitaldi gogoangarria izateko osagai guztiak ditu, beraz, larunbatekoak. Ez esan gero iragarrita ez zegoenik!
Hatzak urratu arte, lanean
Plaza Morean eskegi duten murala ederra da, ikusgarria. Pasioz eta gustu handiz egindako lana izan da, baina, era berean, langintza gogorrean bilakatu da. Josi beharreko materiala oso gogorra da eta eskuak, hatzak behartu behar izan dituzte gogotik. Plaza Morean murala ipintzen ari ziren bitartean, partaideetako batzuk aurreko egunetako lanaren ondorioak erakutsi zizkiguten. Argazkian ikus daitekeenez, hatzak urratuta zeuden erabat.