Auzolanean, ezberdinen artean, josi eta josi aritu da emakume talde bat. Eta gaurkoan oihal horiek eskuz esku igaro dira. Berdintasunaren aldeko ekitaldi landua izan da, mamitsua, talde eragile batek maisuki bideratu duena.
Ama Kandida etorbidea, Androsia Olabide eguneko zentrua, Algodonerako emakumeen plaza, Carmen Alcacera zeharkalea eta Juanita Alkain plazatxoa dira gure herriko kale izendegian emakumezko izenarekin agertzen diren bakarrak. Gizonezkoen erreferentziak, aldiz, hirukoiztu egiten dira. Gaurkoan, gainera, biziberritu egin dituzte aktore talde baten eskutik. Euren burua aurkeztu eta euren soslaiaren ertz nagusiak aurkeztu dituzte. Ahanzturan dira gehien-gehienak. Haiek aldarrikatuz, emakumeari egin zaio gorazarre.
Gaurkoan belaunaldi ezberdinen arteko erakustaldia izan da. Berdintasunaren alde lan handia dago egiteko oraindik. Andoainen, zorionez, horren alde lanean aritzeko prest dagoen gizarte antolatua badago. Eta ez da gutxi.