Durangoko Azokan, 2019an, irabazitako Sormen Bekaren harira eman zuen bere izena ezagutzera Iratxe Aguilera Kai Nakai artistak. “Kolpe” abestiaren eskutik iritsi zen arrakastaz oholtza gainera, eta, hariari tira eginez, bere lehen diskoa kaleratu zuen 2020. urtean, ”Baimenik gabe”, euskarazko reggaetoi feministaren aldarrikapenaren pean. Lehen pausuak emanda, 2021. urtean, hainba single kaleratu zituen, besteak beste, Beldur Barik proiektuari doinua jarri zion bere “Nahikoa dela” abestiak.
Bere artista ibilbidea, ordea, ez du, soilik, doinuak eta letrak hutsetik sortzen ondu, izan ere, nazioartean oso ezagunak bilakatu diren kantuen euskal bertsioak egin izan ditu, behin baino gehiagotan. Esate baterako, Manuel Turizoren, Lola Indigoren nahiz aski polemika sortu duen Bizarrap eta Shakiraren abestiei cover delakoak egin dizkie. Haren hitzetan, jendeak gustuko du erritmo ezagunak euskararekin uztartzea. Era berean, modu batera edo bestera, bere burua ezagutzera emateko beste aukera bat da. Horiek guztiak Tik Tok sare sozial ezagunean partekatzen ditu eta 26.400 kide zaletu inguruk jarraitzen dute gertutik artistaren musika.
2021. urtean “Maitia” diskoa kaleratu zuen, bost abestiz osatutako eta Kolonbian ekoitzitako lana. Bertan, egileak dioenez, maitasun-istorio baten faseak aurkezten ditu obrak: “Lehen maitasuna, maitasun toxikoa, norberaren maitasuna, maitemina eta benetako maitasuna”. Bada, horiek guztiak aurkeztuko ditu Andoainen, martxoaren 10ean, Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren harira antolatu den ekitaldi-sortaren barruan. Ohi bezala, harekin batera igoko dira taula gainera, Anepe Acedo, Andrea Galdiz, Maialen Galdiz eta Leire Rada dantzariak.
Azken urteetan lorpen handiak egin dituzu eta euskal artista garrantzitsua bilakatu zara...
Lorpen handitzat dut, bai. Hiru urte daramagu proiektuarekin eta gutxinaka-gutxinaka aurrerantz doa. Egun, ardura apur bat dudala sumatzen dut, izan ere, batez ere, gazteentzako erreferente bat nahizela ikusten baitut. Horiek horrela, oso pozik nago eta berotasun handia sumatzen dut nire entzuleengandik.
Zailtasun handiak eduki dituzu zure musika euskararekin uztartzeko?
Euskara tresnatzat baino egunerokotasunean hitz egiteko darabilgun hizkuntza ederra da. Euskara oso baliagarria izan zait oihartzuna edukitzeko, eta gure hizkuntza musika egiteko edo beste zenbait arlotan normaltasunez erabili daitekela pentsatzen dut. Euskaraz edozer egin daiteke.
Horrez gain, euskal regetoilaria bilakatu zara. Moda-modan dagoen musika generoa eta, agian, estereotipo okerrez beterikoa...
Esan beharra daukat, egun, ez dudala oso gogoko regetoilari etiketa. Izan ere, musikari gisa genero gehiago ukitzen ditudala uste dut, eta genero bakarrera sinplifikatzea onura askorik egiten ez didala pentsatzen dut. Nik denetarik probatzen dut, musika arlo ezberdinak ukitzen ditut.
Dena dela, egia da regetoia eta euskara batzean, aurreiritzi ugari sortzen direla jendartean, batez ere, publiko helduaren artean. Helduek regetoi hitza entzutean, seguruenik, musika matxista datorkie burura, eta ez diote aukerarik ematen. Orduan, sarritan aipatu dut: regetoia musika genero bat da, ez da matxista. Matxista abesten eta letrak idazten dituen artista da. Ni emakumea eta feminista naizen heinean, nire letrak ere feministak izango dira.