Jende asko igarotzen da zure negoziotik, eta harridura sortu du itxiera iragarri izanak. Zeintzuk dira arrazoi nagusiak?
Bai, gure merkatalgunetik jende asko igarotzen da eta itxieraren iragarpenak guztiak harritu ditu. Ustekabean izan da, ondo dihoakidala uste duelako jende askok, baina, azkenerako, zerga guztiak ordaindu eta gero, oso etekin txikia geratzen zait. Soldata ateratzeko adina, ez. Horregatik, negozioa ixtea erabaki dut.
Zure negozioa behar-beharrezkoa dela agerikoa da. Zer nolako harremana duzu bezeroekin?
Harreman ona dut bezeroekin, eta haietako batzurekin adiskide izatera iritsi naiz. Negozioa beharrezkoa da, baina ez da errentagarria. Beraz, ezinezkoa zait langintza honetan jarraitzea. Bederatzi orduz lanean aritzea etekinik ez eskuratzeko, ezinezkoa da.
Zure negozioarekin beste nonbait jarraitzeko aukera aztertu al duzu?
Ez. Zeren eta jendeak konponketak egitea eskatzen digu, baina ez du gehiegi ordaindu nahi. "Arropa honengatik dirutxoa ordaindu eta gero, nola gastatuko dut hainbeste konponketa lanetan?", askotan entzun izan dudan esaldia da eta bezeroa ez da konturatzen nik konponketa lanak egiteko denbora behar dudala. Jositakoa askatu eta konpontzeko denbora behar dut. Etekinik gabe aritzeak ez dit merezi.
Zeintzuk dira zailtasun handienak negozio bat aurrera ateratzeko?
Zergak, alokairua... gastu ugariri aurre egin behar zaio.
Zer esango zenieke bezeroei?
Eskerrak eman nahi dizkiet. Denon artean bederatzi urte egin ditugu. Egun onak igaro ditugu, baina ezinezkoa zait horrela jarraitzea. Bizi maila, alor guztietan, igo egin delako. Aurrera jarraitzeko nire lanen salneurriak bikoiztu egin beharko nituzke. Eta badakit hori ezinezkoa dela. Beraz, eskerrik asko denei.