Arantza Tapia Sailburua, Maider Lainez alkatea eta Antonio Aiz eta Imanol Goenaga URA agentziaren ordezkari teknikoak Ama Kandida etorbidean elkartu ziren atzokoan, egitasmoa bideratzeko prozedura ahalbidetu denean.
Egitasmoa hiru fasetan burutuko da eta denera 46,9 milioi euroko inbertsioa aurrikusten da. Uraren Euskal Agentzia URAk obren lehen fasearen lizitazioa prestatzeari ekin dio. Lanaren dimentsioaren berri Tapia Sailburuak eman zuen: “Uholdeen aurrean babesteko eta Ziako errekaren saneamendua hobetzeko proiektuak anbizio handikoak dira, eta URAk 3 fasetan gauzatuko ditu”. Lainez alkateak auzune berria garatzeko zeinen garrantzitsua den nabarmendu zuen: “Andoainek urteak daramatza jarduera hau eskatzen, eta auzo berri bat garatzeko aukera emango digu".
Lan hauek bideratzeko iragarpenak aspaldikoak dira, baina gero ez ziren aurrera eramaten. Eguzki talde ekologistak lanen atzerapena salatu zuen, 2019an: "Ziako erreka 10.300 biztanle baliokideren ur zikinak jasaten ari da une honetan", idatzi zuten orduko hartan. Eta lanak hamarkada luze bateko atzerapena dutela salatu zuen, idatzi berean.
Atzokoan, erakundeen ordezkariek egin zuten aurkezpenean, saneamendu-lanak eta errekaren berbideratze lanak egingo dituztela iragarri zuten.
Saneamendu lana
Kolektorea eraikiko da inguruko ur zikinak eta hiri- eta industria-isurketa guztiak biltzeko. Biltegi hori Adunako araztegiarekin lotuko da. Gudarien hiribidetik Ama Kandida etorbideraino dagoen gabeziari irtenbidea emango diote, horrela.
Errekaren bideratze-lanak
Martin Ugalde kultur Parkearen inguruan, Ama Kandidako etorbide osoa zeharkatuz eta Bazkardo eta Calonge auzoetan Oria ibaira isurtzen den arte uholdeak saihesteko erreka bideratzeko lanei ekingo diote. Gainera, Berrozpe eta Ama Kandida etorbidean erreka bistara utziko dute.