Naturaren dinamiken behatzailea den Alicia Martinen pinturak, Basteron erakusgai

Xabier Lasa 2023ko mar. 13a, 15:24

Alicia Martin Lopez sortzaileak formatu handiko margolanak bildu ditu Basteron Joko amaigabea izenburua daraman pintyura erakusketan, eta joan den ostiralean egin zuten haren irekiera ekitaldia. Naturan eta honen zikloetan inspiratutako lanak dira horiek. Irekiera ekitaldiko argazkiak eta bideoa, ikusgai:

Erakusketa, apìrilaren 5a bitarte egongo da irekita. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, 19:30etik 13:30era, eta, 18:00etatik 20:30era.

Joan den ostegunean egin zuten irekiera ekitaldian, Txitxu Ruiz kultura zinegotziak gogoratu zuen Emakumeen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egiten zuela Martinen obrekin erakusketa antolatu izanak, “balioa eman nahi izan zaio emakume sortzaile eta artisten lanari. Tradizioz nagusiki gizonezkoak izan dira esparruak geureganatu ditugu, eta horregatik, gaur aitormen bat egin nahi diegu arte eta diziplina anitzetan lanean ari diren emakume horiei. Zuen sormenaren bidez ere iraultza egiten ari zaretelako”.

Martinek teknika eta exekuzio landuko margolanak aurkezten dituela eta ikuslearekin elkar-ekintza sortzen dutela esanez segi zuen Ruizek, eta bukatzeko zera gehitu zuen: “Alizia artista bisuala da, naturaren dinamikak errepresentatzen ditu, materia ezberdinen portaera eta eraldaketak jasoz”.

 

Mundu naturalaren berezko dinamiken behatzailea

Alicia Martin Lopez (Plasencia, Extremadura, 1983) artistak sormen prozesuaren gaineko azalpenak eman zizkien irekiera ekitaldira hurbildu ziren artezaleei. Gogorarazi zien abstrakzioaren lengoaiatik eta materiaren portaeraren ikerketatik abiatzen dela, “mundu naturalaren berezko dinamikak eta horien etengabeko desagertze- eta birsortze-zikloak gogora ekartzen dituzten egiturak islatzeko”. Horrela, forma organikoek eskaintzen duten jolasteko aukerez baliatzen da.

Artelanak paisaia iradokitzaileetara, definitu gabeko lekuetara eraman nahi izan ditu Martinek, “gure planetakoak nahiz beste edonongoak izan daitezke”. Horrela, anbiguotasunarekin jolastea du gogoko Martinek, “ikusleak ez dezan jakin behatzen ari den artelana edo figura mundu mineraletik, animalietatik edo landareetatik datorren”.

Ikuspegi formalari dagokionez, piezen hiru dimentsioko itxura lantzea interesatzen zaiola adierazi zuen Martinek Basteron. “Hau da, sortzen ari naizen fikzio horiei azkenean errealismo pixka bat eman diezaieketen bolumenak eta testurak nabarmentzen ditut. Izan ere, horrela lor baitezaket ikusleak nire obrak gure munduko elementutzat identifika ditzan, nahiz eta egiatan, irudimenezko sormenak baizik ez izan”.

Erakusketaren ekimena Katapulta Plataformak sustatu du, eta horretarako Bastero Kulturgunearen kolaborazioa eta Kutxa Fundazioaren laguntza izan du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!