Lodifobia hizpide, Andoaingo Asanblada Feministaren eskutik

Aiurri 2023ko mar. 18a, 07:00

Datorren martxoaren 23an izango da Gaztetxean, 19:30ean hasita.

“Munstroak hemen dira: sistema lodifoboa suntsitzeko lehen pausoak” izenburupean, hitzaldia antolatu du Andoaingo asanblada feministak hilaren 23an. Andoaingo Gaztetxean izango da solasaldia, arratsaldeko 19:30ean, Ezin Kabitu kolektiboaren gidaritzapean.

Hausnarketarako amua izan nahi du mintzaldiak, eta lodifobiari buruz hitz egin, jendartea eta, bide batez, norbanakoak nola zeharkatzen dituen ikusteko.

Loditasuna politizatzeko premiaz, Euskal Herriko I. Jatunaldiak antolatu zituen Ezin Kabitu kolektiboak joan den urtean, irailaren 9tik 11era bitarteko asteburuan, Gernika-Lumon,  “Euskal Herria patriarkal eta gordofoboaren baitan elkarrekin egoteko. Pentsatzeko, jolasteko, tripak eta izterrak elkarri igurzteko, lardaskan aritzeko, jateko eta konspiratzeko espazioa sortzera goaz”.

Hala, topaketa hori abiapuntu, hariari tira egin eta buru-belarri lanean dihardu kolektiboak. Esaterako martxoaren 4an, “Lodiok harro” eguna antolatu zuten, Lodifobiaren aurkako eguna ospatzeko eta auzia modu kolektiboan mahaigaineratzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!