Tene Mujika euskaltzalea eta abertzaleari buruzko azterlana aurkeztu du Nekane Goikoetxeak

Xabier Lasa 2023ko mar. 19a, 07:00

Deban sortu eta Andoainen bizi den Nekane Goikoetxeak Tene Mujika euskaltzalea eta abertzaleari buruzko azterlana aurkeztu du. Garai hartako emakumeek jasandako gutxiespena ikertu du, euskaltzaletasunaren eta genero-sistemaren ikuspegitik.

Euskaraz idazten aitzindaria eta emakume abertzaleen ideologoa izan zen Tene Mujika debarrari lotutako hiru liburu aurkeztu dituzte, berriki. Deban jaio eta hezi den Nekane Goikoetxea andoaindarra horietako biren egile da. Goikoetxeak 1936ko gerra aurreko Emakume Abertzale Batzako emakumeek, XX. mendean barrena, jasan duten, eta jasaten segitzen duten gutxiespena ikertu du, euskaltzaletasunaren eta genero-sistemaren ikuspegitik.

Hona, Deban otsailaren 22an aurkeztutako hiru liburuak:

* Tene Mujika Emakumea. Pizkundetik ahanzturara. Nekane Goikoetxea.

* Tene Mujika. Udazkeneko argitan. Cira Crespo.

* Tene Mujika. Nekane Goikoetxeak, Cira Crespok eta Belen Ibarrolak osatutako liburua. Bere heriotzaren 40. urteurrena 2022an betetzen zela-eta, orduan, berari eskaini zioten erakusketarekin lotutako katalogo-liburua da. Bertan biltzen dira erakusketarako egin behar izan zuten ikerketa-lana (Goikoetxea), Mujika beraren artxibo pertsonaleko erregistroa (Crespo) eta prestatutako diseinua (Ibarrola).

Tene Mujika euskaltzalea eta abertzalea

Robustiana Mujika Egaña, Tene moduan ezagunagoa, (1888-1981) euskal idazle, antzerkigile, olerkari eta abertzaleen mugimenduko hizlari zein ideologo politikoa izan zen. Errepublikako denboraldian, Emakume Abertzale Batzako Gipuzkoako lehendakaria izan zen, eta hitz jario errazeko hizlari sugar eta bikaina. Egiazki, erreferentzia handiko ahotsa eta luma bilakatu zen, euskara eta euskal kultura sustatzeko indartsu zebilen Euskal Pizkundearen barnean. 1936ko estatu kolpeak eraginda, hainbat urte erbestean, Iparraldean igaro behar izan zituen. 50eko hamarkadatik aurrera, exiliotik Debara itzuli, eta euskaltzaletasun klandestinoan jardun zuen, eta, aldi berean, artikuluak, olerkiak eta ipuinak idazten jarraitu zuen, harik eta 1981an hil zen arte, 93 urte zituela. 

Nekane Goikoetxea Agirre

Bera ere debarra da, eta, 2009tik, irakasle-ikerlari gisa ari da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, Mondragon Unibertsitatean; euskal kulturgintzaren transmisioa eta soziolinguistika dira bere ikerlerroak. Euskara teknikaria izan zen Andoaingo Udalean, eta, egun, bertan bizi da. Mujikaren eta bere belaunaldiko emakume abertzale eta euskaltzaleek jasan duten ahanztura ikertu du, bi ardatz aintzat izanik: euskal ikasketak eta genero ikuspegia.

Ahanztura, gaurko begietatik ezarria  

“Ahanztura” hitza erabat presente egon zen Goikoetxearen mintzaldian, Tene Mujika eta bere belaunaldia hizpide izanda. “Nabarmena iruditzen zaigu Pizkundeko kide hauek nola erori diren ahanzturan. Ez dute galbahea pasatzen, gizonek bezala. Beren izenak 60ko eta 70eko hamarkadan sortzen den kultur abertzale berrian desagertzen dira. Adibidez, Jakin-era datorren jende berritik, oso emakume gutxi sumatzen da. Horrela, transmisio etena dago erabat, eta ikerlan honetan interpretazio hori argudiatzen saiatu naiz”.

Ahanztura horren arrazoietan sakontzen segituz, Goikoetxea nahiko kritiko agertu zen euskal munduarekin eta feminismo mota baten ikuspegiarekin.

Horrela, iraganeko emakume haiekiko ikuspegi partzial eta androzentriko hori euskalgintzan oraindik ere topa daitekeela adierazi zuen Goikoetxeak. “Atzera begiratzen ari gara, baina gaur egun ere zer pentsatua ematen digun errealitatea bizi dugu. Oraindik, gizon orojakile gehiegi ikusi daitezke gure euskal munduan. Denon ahotsa beti pertsona berdintsuek eta mesianikoek edukitzea, hori horrela izatea arazoa da niretzat. Egin beharko genuke ariketa errealitate hori zalantzan jartzeko. Irabazteko daukagu borroka hori”. 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!