N1 ANDOAIN A15

“Entzute aktiboa eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari”

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 20a, 13:52

Lainez, artxiboko irudian.

Ostiralean jasotako komunikazioak C2 egitasmoari aurkeztutako alegazioei erantzuna ematen zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Maider Lainez alkateak agerraldia egin berri du, bideo bidez.

Agerraldia izan da, adierazpen modura. “Andoainen eta andoaindarren interesak defendatzen jarraituko dugu eta ezetz esango diegu gure herriari konponbide egokia ematen ez dieten proiektuei”. Maider Lainez alkateak entzuketa aktiboa eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari: “Entzute ariketa aktiboa eskatzen diogu Foru Aldundiari. Eraikuntza proiektua eta ingurumen azterketa idatzi behar direnez, epeak ikusita, Aldundiko agintari berriari egokituko zaio hori bideratzea. Udalarekin entzuketa aktiboa izatea eskatuko diogu. Gobernu zentralaren 476.000 euroak laster iritsiko dira eta, alde horretatik, proiektu alternatiboa lantzeko prozedura martxan jarriko du Udalak. Herritarren beharrei erantzungo diena izango da.

Datozen egunetan Aldundiarekin, Plataformarekin, Sorabilla auzo elkartearekin eta enpresekin bilduko gara, eta baita bilera eskatzen diguten pertsonekin. Denon artean bilduko gara, eta aurrerago balorazio orokorra egingo dugu.

Alkate modura jarraituko dut Andoaingo herriaren eta herritarren interesak defendatzen, Andoainek merezi duen proiektua izan arte”.

Agerraldi osoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!