N1 ANDOAIN A15

"Trazatu proiektua gaindituta dago, eta eraikuntza proiektua idazten hasiak gaude”

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 23a, 17:35

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak argitu nahi du A15 eta N1 errepideen arteko lotune berriaren proiektuak aurrera jarraitzen duela.

Gogorarazi du, prentsa-ohar bidez, 2022an trazadura proiektua Andoaingo Udaletxean aurkeztu zen egunean, zarataren aurkako plataformari azaldu zitzaiola Mimendi parean itxitura egin eta pantailak jartzeko asmoa. “Sorabillako auzo elkartearekin ere egon ginen eta entzundakoak jaso ditugu, neurri handi batean, alegazioen bitartez“, erantsi du Oiarbidek.

Hilabete hauetan, proposamen hauen bideragarritasun teknikoa aztertzen aritu da departamendua: "Beraz, trazatu proiektua gaindituta dago, jada, eta eraikuntza proiektua idazten hasiak gaude orain bi hilabetetik”, azaldu du diputatuak.

Andoaingo alkateari kritika

Obra-publikoak gauzatzeko egin beharreko urrats guztiak beteta,  “inola ere ez da atzera egin prozeduretan, Maider Lainez, Andoaingo alkateak publikoki kontrakoa esan badu ere”. Oiarbidek “harriduraz eta kezkaz” entzun ditu Andoaingo alkatearen hitzak, eta uste du astelehenean udaletxean adierazitakoek, “herritarren artean nahasmena eragin dezaketela eta espektatiba okerrak piztu”. Azaldu duenez, Aldundiak herritarrekin duen konpromisoa “arduraz eta gardentasunez” betetzen jarraitzen du, eta, une honetan, alegazioetan onartutako proposamenei ahalik eta egokitzapenik onena aurkitzeko konponbide teknikoak bilatzeko garaia hasten da. “Horretarako, Udalarekin eta eragileekin elkarlanean jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala, elkarren artean irtenbide jasangarrienak eta egokienak aurkitzeko”.

"Lanketa teknikoaren garaia da"

Prozesu administratiboak aurrera eginez, une honetan, lanketa teknikoaren garaia dela azaldu du Oiarbide diputatuak. Xehetasun batzuk aurreratu ditu, prentsa-ohar bidez: "Mimendi auzoan, N-Ia itxitura batekin estaltzeko planteamenduan sakondu da eta, errepide gaineko pasabidean, proposamen arkitektoniko berria egingo da, esate baterako. Halaber, Sorabilla auzoan ere oinezkoentzako pasabide bat gehitu da eta trazatu proiektuan zegoen biribilgunea erabat baztertu da, bestelako ekarpenen artean. Trafikoaren antolamenduan ere moldaketak jaso dira eta Gurutze Gorritik Ama Kandida auzorako irteera bera birmoldatu da, adibidez, zirkulazioa erosoagoa eta seguruagoa izan dadin".

Datozen egunetan, nahi duten eragileekin eta erakundeekin batzarrak egingo dituzte departamenduko arduradunek, eta foru diputatuak berak. Ostegun honetan, Udalarekin biltzekoa da, alegazioen azalpenak emateko eta proiektuarekin aurrera jarraitzen dela adierazteko, "Udalak ez baitu ulertu Aldundiak sinatutako Foru Agindua".

Diputatuaren ustez N-Iak eragindako zaratak ekiditeko eta murrizteko neurriak ahalik eta azkarren errealitate izateko, proiektu hau da egokiena eta “ez behin eta berriro prozedura guztiak atzeratu nahian ibili direnena. Saihesbiderik ez da egingo, egungo ingurumen legeen arabera sarraski bat izango litzatekeelako eta argi daukagulako hau dela Andoain nabarmen hobetuko duen proiektua”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!