Garage kutsua dakarren XV. Andoaingo Rock Jaialdia aurkeztu dute

Aiurri 2023ko mar. 23a, 14:22
Udal ordezkariak, Jaialdiko koordinatzailea, Salkineko ordezkaria eta Krin taldeko musikariak, aurkezpen egunean

Nafarroa Plazan ekainaren 10ean izango da, eta Black Lips garage-rock estiloko talde estatubatuarra da aurtengo izar nagusia. The Schizophonics, The Giant Robots, The Courettes, Chocolat Billy eta Nize taldeek osatuko dute Jaialdia.

Aperitif eguardi parteko saio berezia egingo da aurten ere. 12:00etatik aurrera, Arima (Bilbo) Zumea Plazan ariko da; 13:00etan, Siglas (Donostia) Plaza Morean; eta azkenik, Krin taldea (Irun) Goikoplazan, 14:00etan. Hiru emanaldiak Salkin elkartearen laguntzari eta elkarlanari esker sustatuko dira.

Joan den ostiralean Plaza Morean egin zuten Rock Jaialdiaren aurkezpena, eta bertan izan ziren Udaleko Txitxu Ruiz kultura zinegotzia, Laura Landa kultur teknikaria, Juancar Garcia Bloody Mary promotorako ordezkaria eta jaialdiaren koordinatzailea, Krin taldeko hiru musikari (Fran Romero, Ion Vara eta Mikel Etxegarai), eta, Marijo Irastorza Salkineko ordezkaria.

“Aurtengo jaialdiak ez du hutsik egingo, potente dator” adierazi zuen Txitxu Ruizek agerraldian.

 

Taldeak, banan bana

Juancar Garcia Jaialdiaren koordinatzaileak karteleko taldeak banan bana aipatu zituen, bakoitzetik bizpahiru xehetasun gogoraraziz.

* Black Lips. Talde estatubatuarra izango da Jaialdiko izarra, esan bezala. 13 urte zituztela osatu zuten taldea 1999an, eta geroztik mundu guztian zabaldu dute beren musika indartsua, garage estilotik hasi eta egungo rock sofistikatuagorako bidea eginez. Apocalypse Love disko berria kaleratu zuten iaz, eta tartean da Bad kids kanta ezaguna, Spotify plataforman jada 23 milioi stream-etik gora dituen abestia.

 

* The Schizophonic. Kaliforniakoa (AEB) da bigarren talde hori ere, eta “James Braun edo MC5 taldea gogora ekartzen ditu. Horrela, Ameriketako musika zale askok diote, zuzeneko bandarik onena eta basatiena dela han bertan. Abeslaria ero moduan ibiltzen da oholtza gainean, eta Jaialdiko “atrakzio” nagusia izango da ziurrenik”, Juancar Garciaren ustetan.

 

* The Giant Robots. Talde suitzarrak, underground rock eszenan gero eta izen handiagoa dute. Garciak adierazi zuenez, “60ko hamarkadako garagea egiten dute, baina eguneratua. Egia da garageak ez duela arorik distiratsuena bizi, baina baita ere, azpimarratzekoa da talde suitzarra, onentxoenetakoa baita egun”.

 

* The Courettes. Bikote danimarkar-brasildarra da, aise mugitzen dena garage estiloaren, 60ko Girl Groupen soinuaren eta doo woop-aren artean. Soul-rock and roll zoragarria egiten du, eta aldizkari espezializatuak haien 2021ko lana urteko onenen artean hautatu zuen.

 

* Chocolat Billy. Talde frantsesa, soinu basati eta indartsua eskaintzen du zuzenean, partaide guztiek elkarren artean instrumentuak trukatzen dituzten bitartean.

 

* Nize. Bilboko taldeak emango dio hasiera Nafarroa plazako Jaialdiari. Hirukoteak 2020an Ezin lanarekin egin zuen debuta euskal eszenategian, noise-rock, hardcore eta punk doinuekin.

 

Aperitif, etorkizun oparoko hiru euskal talde

Arima, Siglas eta Krin euskal taldeek joko dute Aperitif izeneko emanaldi sortan, eguardi partean. Azken urtetan osatu diren taldeak dira, eta musika zaleentzat ezusteko atsegin eta gozagarriak eskaintzeko prest helduko dira Andoainera.

* Arima. Beldurrez beste egitean izenburuko diskoa kaleratu berri du Rock talde bizkaitarrak. Paule Bilbao kantari eta gitarra-joleak sortu ditu diskoaren abestiak, bikainak bezain ilunak. Hala dio: “Bidai baten amaiera da Beldurrez beste egitean. Egonaldi luze batek uzten dituen ziurgabetasunak, emozio berri eta ezezagunak, maitasun esperientziak eta ikaskuntzak biltzen dituen lana. Metamorphosiaren bukaera. Ur sakon eta hotzetatik atera, eta eguzki izpiak azalean sentitzea”.

 

* Siglas. Donostiako banda, garage kutsuko pop-yeye-a eta freskoa eginez melodia itsaskorrak zabaltzen ditu zuzeneko bikainarekin.

 

* Krin. Pandemiaren ostean Irungo lau musikariek sortua, 60ko garage-rock soinu bortitz eta ilunak ditu ipar. Halako estiloko formazioetan ohikoa ez den instrumentua, armonika, erabiltzen du, eta zuzeneko zorrotz eta apaingarririk gabekoa eskaintzen du.

 

Krin Irungo taldea, Basteron. Fran Romero (bateria), Ion Vara (baxu jolea) eta Mikel Etxegarai (ahotsa, armonika). Beñat Gonzalezekin (gitarra) laukotea osatzen dute. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!