“Musika baliabide bikaina da kulturaniztasunean sakontzeko”

Xabier Lasa 2023ko mar. 24a, 10:18

“Munduko Doinuak” kontzertua emango du Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak ostiralean, 20:00etatik aurrera.

Andoaingo Kultur Aniztasunaren Ekintza Planaren barnean kokatzen da emanaldia. Banda jatorri desberdineko andoaindarrekin elkarlanean aritu da kontzertua osatzeko.

Nola sortu da egitasmoa?

Andoaingo Udalak, Ongi Etorri Eskolara proiektuak eta Musika Bandak elkarlanean sortutako ekimena da. Bandako kideek pentsatu genuen geuk ere, musika baliabide izanik, egin diezaiekegula ekarpena Andoaingo Kultur Aniztasunaren Ekintza Planari eta berarekin bultzatu nahi den ideiari. Eta horrela sortu zen kontzertuaren egitasmoa.

Musika komunikatzeko bitartekorik unibertsalena izan daiteke kultura anitzak hurbiltzeko, elkar ezagutzeko.

Jakina baietz! Musika gizakiok elkarrekin komunikatzeko daukagun izugarrizko tresna da, eta horixe bera komentatu diet azken asteetan, kontzertuaren prestaketan, Venezuela, Errumania, Nigeria, herrialde arabiarretik eta beste zenbait lurraldetatik etorritako herrikideei. Nire esperientzia pertsonala kontatu diet: nireak ez diren beste hizkuntzetako herrialdeetara joan izan naizenean, musika ezinbesteko baliabide bilakatu izan zaidala bertakoekin aurreneko hartu-emana egiteko, hasieran normalak izaten diren inkomunikazio eta hoztasun egoera horiek hausteko.

Nolako bizipena gertatzen ari da jatorri desberdinetako andoaindarrekin egunotan egin duzuen harremana?

Aberasgarria! Kontzertuaren prestaketari ekiteko ez ezik, bakoitzak bere iritzi eta usteak elkar trukatzeko ere baliagarri izaten ari zaigu kontaktua. Beren sentipenak adierazi dizkigute, eta azpimarratzekoa da nola aitortu dizkiguten zer sentitzen den herri arrotz batera bizitzera joaten zarenean. Alegia, beldurra izaten dela lehenbiziko sentimendua, ezezagunak zaizkizun herritarrak, hizkuntzak, ohiturak, janzkerak… topatzen baitituzu. Buruan beldurrarekin lotutako galdera ugari pilatzen zaizkie: jendeak, kalean, nola ikusiko ote dituzten, zer esango ote duten, nola erreakzionatuko ote duten holako edo halako egoeratan… Beren seme-alabak bertan ahalik eta egokien integra daitezen izaten da beren lehentasuna, eta behin helburu nagusi hori bideratuta, beraiek gizartean ezagutzera ematen ahalegintzen dira.

Alde horretatik, biziki eskertzen dituzte “Ongi Etorri Eskolara”, “Su artean Gure artean” eta antzeko ekimenak, deseatzen egoten baitira bertako jendea ezagutzeko, eta horien aurrean diren bezala agertzeko. Hunkituta agertu dira ostiraleko kontzertuarekin, eta pozgarria da hori Bandako musikari guztiontzat.

Zein errepertorio eramango duzue Basteroko oholtzara?

Munduko lurralde batzuetara egingo dugu bidaia, eta sustrai txinarra, irlandarra, eskoziarra… duten doinuak interpretatuko ditugu. Jatorri desberdineko andoaindar horiekin ere prestatu dugu ezusteko polit eta hunkigarria, baina ezin dugu jakinarazi errepertorioko atal hori; ezustekoen atalean gordeko dugu! Horrek ikusmin berezia piztu baldin badio baten bati, badaki zer egin, Basterora hurbildu!

Nola ikusten dituzu Bandako musikariak, kontzertuaren atarian?

Ilusioz beterik! Egin kontu zer nolako sakrifizioa egiten duten: astero-asteroko entseguak, abestiak etxera eraman eta haiekin sakontze lanak… Azken batean, zuzeneko kontzertua, ehunka pertsonen aurrean egiten den emanaldia, prozesu gogor baten azken urratsa besterik ez da. Eta, bien bitartean, luzea bilakatzen da negua, jendaurrekorik gabekoa, eta nahiz eta musikazale amorratuak izan, erabat naturala da aparteko motibazioren bat behar izatea entseguen diziplina horri eusteko. Kontzertuak dira pizgarri horiek.

Egia esan, hurrengo asteetan agenda nahiko betea daukagu. Ostiral honetakoa egin eta gero, beste hiru emanaldi dauzkagu zain, maiatzean: Andoainen Santa Krutzetan, Asteasun eta Martuteneko espetxean presoentzat.

Munduko Doinuak, kantutegia:

  • Xian (Henk Hogestein)
  • Four Norfolk Dances (Philip Sparke)
  • Shirim (Piet Swerts)
  • Diss Dance (Philip Sparke)
  • Riverdance (Bill Whelan)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!