“Herriko aste urdina” antolatu du Euskaldunak, mendeurreneko ibilbidea ospatzeko. Hala, martxotik apirilerako jauzia ekintzaz beteta egingo dute andoaindarrek. Egitarau oparoa antolatu du kirol klubak, herriko makina bat eragilerekin batera.
Martxoak 28, asteartea. Kalejira.
Zumea kaletik Kaletxiki auzora bidean, giro ezin hobea ipiniko du Gora Kaletxiki txarangak herriko kaleetan barrena. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da hitzordua eta iluntzera bitarte luzatuko dute kalejira.
Martxoak 29, asteazkena. Ibili Andoain berezia.
Asteazkenero lez, oinezko martxa izango da adinekoentzat goizeko 11:0etan hasita. Bada, herriko Ubitarte futbol-zelaian amaituko da ibilbidea eta Alberto Aguirre abesbatzak hainbat pieza interpretatuko ditu bertan, ekitaldia borobiltzeko.
Apirilak 1, larunbata. Ekitaldi erraldoia Ubitarten.
Mendeurreneko data berezienetarikoa izango da larunbata. Izan ere, eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera egunari eta, Andoaingo kaleetan, hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute bizilagunek. Ubitarten izango da amaiera-festa, eguerdiko 13:00etan eta, Euskaldunarekin batera, askotariko eragileek egingo dute posible klubaren omenaldi berezia: Andoaingo trikitilariak, Kantu-jira, dultzaineroak, Lebiton konpartsa, Zuena, Maizorri txalaparta, Punttuka bertso-eskola, Olagain txistulari elkartea eta Urki.