Gure Zirkua Andoainera dator, udaberriko kultur programazioaren eskutik

aiurri 2023ko mar. 24a, 14:41

Zirkua, musika, antzerkia eta zinemak osatuko dute Andoaingo Udalak antolatutako udaberriko kultur programazioa. Besteak beste, Gure Zirkua maiatzaren 5etik 13ra bitarte Miranda pasealekuko berdegunean (Etxeberrieta) kokatuko dute. Hain zuzen, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga Gure Zirkuko bi kideak programazioaren aurkezpenean izan dira, eguardian. Aurkezpenaren bideoa, ikusgai:

Etxeberrieta plazan egindako aurkezpenean, Txitxu Ruiz kultura zinegotziak kultur programazioaren eskutik datorren eskaintza zabala dela azpimarratu ostean, zirkuaren magia izan du aipagai: “udaberriak beti dakartza ilusioa, poza eta bizitza. Andoainen kasuan, gainera, zirkuaren magia izango dugu euskaraz udaberri honetan; fantasiaz eta ilusioz beteta. Ziur nago txikienek, eta baita hain txiki ez garenok ere, gozatu egingo dugula ikuskizunaz".

Iker Galartzak ere hartu du hitza aurkezpenean: “Batzuetan topikoa dela dirudi esateak mundu majiko batean murgiltzen garela zirkuarekin, baina egi galanta da hori! Pozik gaude Andoainera gatozelako eta gure mundu magikoa Oria ibai ondoko zelaian jarriko dugulako; trapezistak, malabaristak, pailasoak, musikariak… denetik dauka gure zirkuak, eta hori guztia, gure hizkuntzan!”.

Gure Zirkua adin guztientzako ikuskizuna dela nabarmendu du Galartzak, “adin txikikoak pozik etortzen dira, eta zer esanik ez helduak eta aitona-amonak!”. Umorea erabili du gonbitea herritar orori zabaltzeko: “Plan zoragarria eta paregabea izan daiteke andoaindarrentzat eta inguruentzat. Santa Krutz festak bukatu berritan izango dira andoaindarrak, denak erresaka pixka batekin alegia, eta gu alaitasuna ekartzen eta elkar-banatzen saiatuko gara”.

Gure Zirkua Miranda Pasealekuko zelaian (haur parkearen eta frankismoko biktimen aldeko eskulturaren artean) kokatuko dute, eta honako emanaldiak egino ditu: maiatzaren 5ean, ostirala (19:00); maiatzaren 6an, larunbata (16:30 eta 19:30); maiatzaren 7an, igandea (12:00 eta 18:00); maiatzaren 12an, ostirala (19:00); eta maiatzaren 13an, larunbata (16:30 eta 19:30).

Sarrerak, datorren martxoaren 27an webgunean (www.gurezirkua.eus) lortu ahal izango dira, eta bestela, zirkua muntatuz geroztik (maiatzaren 2an) bertan jarriko den txarteldegian.

 

Kultur programazio zabala

Musika:

* Juarez, Robyn Hitchcock eta Los del huevos Band taldea., apirilaren 14.

* Macaco. Vuélame el corazón proposamen berria aurkeztuko du. Apirilaren 21.

* Demode Quartet. Capella kantua eta umorea nahasten ditu. Maiatzaren 12.

* Gaztetour-aren edizio berria, Deva, Nikone, herriko artistak eta DJ Leinup eta DJ Ander. Goikoplazan, maiatzaren 13.

 

Antzerkia:

* Buhameak taldea: Erik eta Win Bertsoak eta antzerkiaren uztartzea. Apirilaren 20.

* Enkarni Genuaren Txotxongilo taldea: Itsasminez. Apirilaren 22.

* Pabellon 6 konpainia: Komedia Madarikatua. Maiatzaren 19.

* Zurrunka teatroa: Gure kanoa. Maiatzaren 21.

* Tentazioa: Ez naiz inoiz Dublinen egon. Ekainaren 2.

* Argako erregina antzezlan familiarra. Ekainaren 4.

* Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta. Sexberdinak, Ekainaren 16.

 

Dantza:

* LaMov konpainia (Aragoi): Tempus fugit. Maiatzaren 7.

 

Filmak:

* Elbira. Elbira Zipitria ikastolen sustatzailea eta euskarazko hezkuntzaren aitzindariaren gainekoa, Iban Gonzalezek zuzenduta. Maiatzaren 11.

 

Eraskusketak:

* Euskalduna, 100 urte zurekin. Euskalduna klubaren 100 urteetan zeharreko ibilbidea argazkien, prentsa ebakinekin, janzkerekin eta garaikurren bidez, besteak beste. Apirilaren 20tik aurrera.

* Argazki-mostra kolektiboa: Andoaingo argazkilari taldea: Xabier Alkorta, Eduardo Arreseygor, Haizea Brosa, Itziar Gutiérrez, Xabier Huitzi, Juanma Lazkano, Aitor Regillaga, Maddi Trutxuelo, Nerea Uralde eta Rosa Zozaya. Ekainaren 1etik aurrera.

 

Sarreren salmenta

Apirilaren 5eti aurrera hartu ahal izango dira sarrerak, Basteroko leihatilan edo Kutxabanken bidez. Aurrez, Bastero Kulturguneko bazkideek erreserbak apirilaren 3an eta 4an egin ahal izango dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!