Urte asko egon zara lanean Kale Nagusian, eta laster ateak itxiko dituzu. Zer dela eta?
Begira, 28 urtez lanean egon naiz, baina egungo autonomo txikien egoera ez da jasangarria. Nire kasuan, behintzat. Erabaki hau hartu baino lehen, buruari bueltaka ibili naiz 2022ko azarotik. Eta, azkenean, ixtea erabaki dut. Prezioak bikoiztu eta hirukoiztu egin beharko nituzke lanean jarraitzeko, eta ez nago prest.
Ez zara kale berean, egunotan, negozioa itxi duen komertzio bakarra. Zein iritzi sortarazten dizu horrek zuri?
Indarrean dagoen sistema honetan, merkatalgune txikia ez da inoren interesekoa. Autonomo guztiei multzo beren sartu gaituzte, eta ez da jasangarria. Eta, horregatik, oraindik ere itxiera gehiago izango da. Pixkanaka-pixkanaka, itxiz joango dira. Herria merkataritzarik gabe geratuko da. Horrela izango da, azkenean.
Zer nolako harremana izan duzu Andoaingo bezeroekin?
Oso ona. Oso kontentu nago, oso harreman polita izan da. Eskertuta nago, oso. 28 urtez iraun duen esperientzia hau oso polita izan da.
Eta kale bereko merkatalgunetako kideekin?
Ona ere. Etorri eta joan diren merkatari askorekin izan dut harremana, gertutasuna eskaintzen zuten. Gertutasuna, aurrez aurreko harremana eskaini diote bezeroari. Harreman ona izan dugu, eta bat eginda egon gara. Itxieren aurrean ere gertu egon gara.
Tokiko merkataritza bolada txarrean da, oro har, Andoainen. Zein da zure iritzia?
Gauzak asko aldatu beharko direla egoera hau aldarazteko. Jendeak ez du herrian gastatzen, eta gainera autonomo txikiak ez gaude une onean. Krisi asko pasa ditugu aurreko urteetan. Eta krisi bakoitzeko itxierak izango dira.
Etorkizunean zer egingo duzu, lanbide berean jarraituko duzu?
Ez dakit zer egin. Hunkituta nago. Lehenik negozioa itxi eta gero gerokoak. Uste dut autonomo izaten jarraitzetik ihes egingo dudala. Nahiko argi dut hori. Ihes, diodan bezala. Ez dakit lanbide berean edo bestean ibiliko naizen, baina soldatapean jarraitu nahiko nuke. Autonomoak etxera eramaten ditu arazoak.
Zer esango zenioke bezeroari, lerro hauen bitartez?
Andoaingo Kale Nagusian bizi izandakoa oso esperientzia polita izan dela, nirekin eramango dudana. Baina adierazi nahi dut ere autonomo txikien egoera ez dela jasangarria. Autonomo txiki bat izateko geroz eta zerga eta traba gehiago ditugu. Horrela, gaizki goaz. Herri bizi bat nahi badugu, ez da posible baldintza hauetan lan egitea. Den-denoi eskerrik asko, bihotzez, nigan konfiantza izateagatik. Betirako eskertuta nago.