Aurkezpenean azaldu dutenez, eguneratu egin dute 2015ean osatutako "Andoaingo kaleak denontzat BERDIN" izeneko Andoaingo Mapa-Morea, eta horretarako, “herritarrekin eta udal teknikariekin hainbat bilera egin ditugu, horri buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko”.
Azterlan honetan hausnarketa batez ere bi norabidetan egin dela azaldu du Romerok. “Alde batetik, Andoaingo kale, herrigune eta hornikuntza publikoen kokapenek eta ezaugarriek eguneroko bizimoduan generoaren arabera eragiten dituzten ondorioak aztertu dira. Bestalde, hiriaren plangintzan eta diseinuan genero ikuspegia ez sartzeak eragin dituen akatsak edo desorekak nabarmendu dira, eta horiek guztiak txertatuta egonez gero gerta zitezkeen aldaketak imajinatu ahal izan dira”.
Maparen osaketa
Geruza desberdinez osatutako Mapa Morea formatu digitalean sarean sartu dutela jakinarazi du Barrenetxea berdintasun-teknikariak. Honako esteka erabiliz, kontsulta daiteke Mapa Morea: labur.eus/andoain-mapa-morea
Barrenetxeak, Mapa Morearen nondik norakoa azaldu du: "Egindako azterketaren eta proposamenen ardatzak hainbat geruzatan antolatu dira, eta geruza horiek, gainjarrita, mapa osatzen dute. Ardatzak kontzeptu edo elementu positiboak eta negatiboak dira. Positiboak, ongizate, elkarbizitza, zaintza eta presentzia dira; negatiboak, berriz, segurtasuna, babesa, irisgarritasuna eta mugikortasuna dira.
Ardatzei gehitu zaizkie beraiei egindako ekarpenak, argazkiak, beste hainbat azalpen eta proposamen, Barrenetxeak zehaztu duenez. Etorkizunean eman beharreko pausoak ere aipatu ditu berdintasun-teknikariak: “Pala Morearen edukia sakon aztertu, eta udaleko zenbait lan-sailekin elkarlanean jardun beharko da”.
Ikuspegi tradizionalari, ikuspegi positiboa erantsi
Azken batean, gabezietan oinarritutako ikuspegi tradizionalari ikuspegi positiboa eranstea proposatzen da, Barrenetxearen hitzetan: “ikuspegi positibo horrek irudi osatuagoa eskaintzen du, "Puntu beltzen mapa" kontzeptuaren ordez "Mapa Morea" edo "Emakumeak" azalpena jartzeko aukera ematen duena.
Azkenik, Lainez alkateak Mapa Morea eguneratu beharra azpimarratu du: “Andoain nabarmen aldatu da 2015etik, eta funtsezkoa da genero-ikuspegia txertatzea udal-jarduera guztietan. Dokumentu berri honek Andoain berri bat planifikatzen lagunduko digu, berdintasunezkoagoa, eskuragarriagoa eta seguruagoa”.