"Ezarri genituen aurreikuspen guztiak gainditu ditugu"

Mikel Arberas 2023ko mar. 30a, 12:58

Eneritz Arruti, beheran eskubitik hasita lehena. Argazkia: Potronko

Eneritz Arruti andoaindarrak iragan urtean egin zuen jauzi sokatiraren mundura eta, jada, maila gorenean lehiatzeari ekin dio; aste batzuk atzera, lorpen ikusgarriekin itzuli zen etxera.

Zer dela eta hasi zinen sokatiran entrenatzen eta lehiatzen?

Sokatiraren munduan murgiltzeko erabakia ez zen bat batekoa izan, prozesua lehenagotik dator. Pandemia garaia baino astebete lehenago kirola probatzeko aukera eduki nuen Iruñean, ikasketak egiten nenbilela. Lagun bat sokatiran ibiltzen zen eta aipatu zidan gai ikusten ninduela kirol horretan aritzeko. Egia da, hasiera batean, txantxatzat hartu nuela lagunak esandakoa, baina, behin eta berriro probatzeko esaten zidanez, pausoa ematea erabaki nuen.

Esanak esan, erakargarria egin zitzaidan sokatira, eta berriro ere nahi nuenean entrenatzera etortzeko gonbita zabaldu zidaten, nahiz eta ziurtasun falta eduki. Zoritxarrez eta kasualitatez, egun batzuetara pandemia garaian sartu eta itxialdian murgildu ginen.

Iragan urtean, Larraungo bailaran, sokatira talde bat sortzeko asmoa zegoela esan zidaten, eta ama nafarra izanik, ni ere kontuan hartu ninduten. Hori entzunda eta pandemia igarota, interesa piztu zen nire barnean; herritar gazteen artean saretzeko eta jende berria ezagutzeko bestelako aukera bat zela ikusi nuen. Azkenean, 15 pertsonako talde polita sortu zen, eta biltzen aritu ginen proposamen horri bidea nola egin ikusteko. Hasiera batean, materialik eta entrenatzailerik ez genuenez, Betelutik, ondoko bailaratik deitu ziguten eurekin entrenatzen hasteko, materiala eduki eta jende faltan zeudelako. Horiek horrela, ohartu ginen, Betelun sokatira talde bat egonda, ez zuela zentzurik ondoko bailaran beste talde bat sortzea, gaur arte.

Euskal kulturarekin estuki lotutako kirola den arren, ez da oso ohikoa sokatira praktikatzen duten gazteak aurkitzea...

Egia da ez dela oso ohikoa sokatiran lehiatzen duten kirolariak aurkitzea, agian, Gipuzkoan, Ibarra delako talde bakarra. Hala ere, Nafarroan sokatira susperraldia bizitzen ari da, batez ere, gaztetxoen artean eta, gainera, maila onean.

Dirudien bezain gogorra al da sokatira?

Kirol guztiek dute bere zailtasuna eta gogortasuna. Nire kasuan, eta, beste kirol batzuk praktikatu ostean, sokatiran erresistentziaz gain, sufritzeko gaitasuna ezinbestekoa da; hau da, mina edukita ere, tiratzen jarraitu behar da, talde oso baten zama kirolari bakoitzaren eskuetan baitago.

Nolakokak izaten dira entrenamenduak eta non egiten dituzu?

Irailetik hona, Ibarran eta Betelun entrenatzen aritu naiz. Normalean, pare bat orduko saioak egin ohi ditugu eta, ondoren, fisikoa norberak bere kabuz entrenatzen du; esaterako, mendian, kiroldegian edo bestelako lekuetan. Azken aldian, munduko txapelketari begira, pisu handiarekin entrenatzen aritu gara, gehien bat. Berotzeko, tiraldi batzuk egiten ditugu polean, pisu bajuarekin; beroketaren ostean, zama igotzen joaten gara. Esaterako, bost minutuko tiraldi luzeak simulatzen aritu gara, polean zama handia jarrita (70-80 kiloko pisua pertsonako), eta denbora horretan altxaldi ugari egiten. Horrez gain, tiraldi motzekin ere entrenatzen egon gara, bi minutuz eta pisu handiagoarekin.

Munduko txapelketan lehiatzen ari zara. Zer nolako esperientzia izan da?

Sekulako esperientzia izan da, zentzu guztietan. Oso aberasgarria izan da, batetik, beste taldeengandik ikasteko; estrategiak eta lehiatzeko moduak, esaterako. Bestetik, Ipar Irlandan egonagatik, bizipen berriak jasotzeko bidaia ere izan delako. Pozez txoratzen itzuli gara, eta, gainera, domina batzuekin.

Zein mailatan lehiatu zara?

Maila absolutuan lehiatzen aritu naiz. Taldearen pisua kontuan hartzen dute, eta kategoriako pisura hurbiltzearekin batera, gainontzeko taldeekin parekatuta egoteko aukera gehiago daude, beraz, berebiziko garrantzia du taldelanak.

Horrez gain, oso berezia izan da, nazioka, Euskal Selekzioa ordezkatu dutenek urrezko dominen bat lortzea, maila bereziki altua erakutsita. Hori gutxi balitz, lehen bi egunetan euskal taldeek elkarren artean zuten lehia, giroa eta horren harreman ona ikustea pozgarria izan da. Lehiakortasun sanoa, euskalduna eta, neurri batean, lagunartekoa.

Lorpen ikusgarriekin itzuli zarete Euskal Herrira...

Hasieran ezarri genituen aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Nork esango zidan Ipar Irlandan egin zen munduko txapelketatik bi brontzezko dominekin itzuliko ginenik... Hitzez oso zaila da azaltzea; momentu azalduezinak bizi genituen, bai pertsonalki eta, bai taldean. Gure lehen mundu txapelketan horrelako lorpenekin itzultzea, izugarria da. Emozioak dantzan genituen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!