Oroituz elkarteak frankismoaren biktimen alde “Goiztirian, arimaren garraisia” eskulturaren aurrean urtero antolatu ohi duen omenaldi ekitaldian parte hartuko du abesbatzak, urtero legez. Apirilaren 15ean, larunbatarekin, izango da ekitaldia.
Urtero, abesti berri bat bereziki prestatzen duzue.
Maripi Arruiz: Halaxe da. Aurreko urteetan, besteak beste, Campanadas a mort, Justizia, Grandola Vila Morena, Al Alba eta beste zenbait prestatu ditugu, guztiak ere esanahi berezia daukatenak. Aurten, Fermin Balentzia abeslariaren Maravillas ari gara lantzen. Abestiak Maravillas Lamberto 14 urteko Larraga (Nafarroa) herriko neska gaztearen historia kontatzen du; 1936an faxistek atxilotuta zeukaten aita bisitatzera joan zenean, bortxatu egin zuten, eta, ondoren, aita eta biak erail egin zituzten.
Merce Brau: Oso abesti hunkigarria da, kontatzen duenagatik eta daukan doinuagatik. Abesti gutxi egongo da alor horretan, hain enblematikoa dena.
Biktimen aurrean abestu duzue, urtez urte.
M. B.: Bai, frankismoaren zapalketa zuzenean sufritu zutenak edo familiaren bat halakoa daukatenak egon izan dira beti entzule gisa. Zuzeneko biktimak, adinez aurrera doazenak, horiek jartzen dira aurreneko aulkietan, eta, horrela, gehitu egiten zaigu gauzak ondo egiteko erantzukizuna. Errespetu handia eragiten digute biktimek, eta ahalik eta saiorik txukunena egiten ahalegintzen gara. Txaloak jasotzen ditugu ordainean, emoziozko arpegiak ere sumatzen ditugu, eta esan beharrik ez dago pozgarria dela guretzat.
M. A.: Gora Kaletxiki txarangako musikariak ezinbesteko laguntzaile ditugu. Eta zer esanik ez Joxe Mari Oiartzabal zuzendari gisa! Egundoko ohorea izan zen Uribesalgo zuzendari edukitzea iraganean, eta berdin orain, Oiartzabalekin!
M. B.: Aurten, gainera, Sebastopol dantza taldea gure emanaldia aberastera etorriko da; merezi du ikustea bere koreografia ikusgarria eta modernoa!
Urtean behin besterik ez zarete elkartzen abesteko.
M. B.: Ez gara profesionalak, eta ez da hori gure bokazioa izan inoiz. Abestea gogoko dugu, eta uste dugu, abesti aldarrikatzaileak biziberrituz, geure aletxoa jar dezakegula biktimak gogoratzeko eta justiziaren aldeko mezuak zabaltzeko.
M. A.: Ateak beti irekita eduki ditu gure abesbatzak. Partaide izateko, aski da gure asmoekin bat egitea eta entseguetara azaltzea. Astero biltzen gara, bi hilabete lehenago hasita. Une dibertigarriak, gozagarriak eta hunkigarriak bizi ohi ditugu.
M. B.: Egia esan, urtero, omenaldi-ekitaldiaren ostean, jendea etortzen zaigu, esanez, zein ekimen polita den gurea eta zenbateko inbidia pasatzen duten ezin parte hartzeagatik. Hurrengo urterako gonbidatzen ditugu, baina gero eguna iristen denean, gureganako pausoa ematea kostatzen zaio jende horri.
Memoria historikoaren berreskurapenean makina bat liburu, dokumental, film, disko sortu dira. Abeslari eta musikari banda, ordea, ez da ohikoa.
M. B.: Egia da hori, eta ez dakigu zehazki zergatik ote den. Dakiguna da gure ibilbidean, Irun, Donostia, Elgetatik deitu izan digutela saioa egiteko, eta guztietan harridura agertu izan digute abesti antifaxistak eta borrokalariak abesten dituen talde bat existitzeagatik.
Bazkaria antolatu duzue, eta baita izena emateko epea ireki ere.
M. B.: Egun osoko ekitaldien barnean sartu izan dugu beti bazkaria ere, izan Kale Nagusian, izan gaztetxean, izan herriko jatetxeren batean. Aurten, Etxeberrietako Jai Batzordeak bazkaria antolatzeko gogoa azaldu du, eta eskertuta gaude biziki eurekin. Kotoi elkartean prestatuko dute eta apirilaren 10a baino lehen eman behar da izena Itsaso tabernan.
Noiztik kantari, abesbatza gisa?
M. A.: Historian atzera joanda, ezinbestekoa da aipatzea Jokin Pavo. Itzala tabernaren garaian Errepublika, Portugaleko Apirilaren 25eko Krabelinen iraultza eta beste hainbat prozesu historiko askatzaileak gogoratzeko argazki erakusketak, hitzaldiak eta antzeko ekitaldiak antolatu ohi zituen. Giro horretan, bertako zenbait bezero Errepublikako aro historikoaz mintzatu ohi ginen maiz. Amorrua ematen zigun balio demokratikoak (sufragio unibertsala, berdintasuna, justizia…) ekarri zituen Errepublika eta ondorengo errepresio frankista, zeinen ahaztuta eta zeinen ahanztarazita dauden. Horrela, Errepublikaren eguntzat hartzen den apirilaren 14arekin batera, kalejira txikiak egiten hasi ginen, banderak lau haizetara zabalduz, musika joz eta borroka abestiak berrituz…
M. B.: Ekimen txiki eta xume hori, jada hasita zegoen fusilatuen alde, 2006an eskultura inauguratu, eta, geroztik, Oroituz elkarteak omenaldiak antolatzeari ekin aurretik. Nolanahi ere, handik laster, abeslariz eta musikariz osatutako abesbatza sortu zen. Fernando Uribesalgo musikariak Gora Kaletxikiko musikariekin batera, bultzada bikaina eman zion abesbatzari, 2016an hil zen arte. Lekukoa Joxe Mari Oiartzabalek hartu zuen.
Segitzeko indarrez?
M. B.: Injustizia, monarkia, faxismoa eta frankismoa dituzte jomugan gure kantutegiko kantek, eta, beraz, gaurkotasun osokoak dira oraindik. Mugitu eta kalera ateratzeko arrazoi ugari dauzkagu guztiok oraindik ere, frankismoaren biktimei egia eta justizia ukatzen zaielako, batetik, eta, bestetik, gaurko gizartean mota askotako injustiziek bere horretan jarraitzen dutelako. Horrenbestez, Abesbatzako kideek gogoa eta motibazioa daukagun bitartean, abesten segiko dugu.
M. A.: Urtez urte, halabeharrez joan zaizkigu zenbait kide (Iosu Olazabal, Zorione Irigoras, June Aldaz, Pako Bidasoro, Jose Luis Fernandez Fitero, Fernando Uribesalgo, Luxio Aranburu…) eta betiko entzuleen artetik biktima ugari. Etsigarria da hori. Badago zer aldarrikatua oraindik. Hortaz, ondo legoke gure hurrengo belaunaldiak aurrekoon lekukoa poliki-poliki hartzen joango balira.