"Alaitasuna elkar-banatzen saiatuko gara"

Aiurri 2023ko api. 7a, 08:47

ELA

Zirkoa, profesioanala eta euskaraz. Hori lortu du Iker Galartzaren konpainiak. Euskal kulturgintzan erreferentzia bilakatu da, eta milaka ikusle erakarri dituzte. Are gehiago, probatu duenak errepikatu ohi du. Maiatzean, Andoainen izango dira, Etxeberrietako zelaian.

Aurkezpenera hurbildu ziren Iker Galartza eta Joseba Usabiaga, Gure Zirkuko ordezkariak. Iker Galartzak hitza hartu zuen aurkezpen-ekitaldian: “Batzuetan, topikoa dirudi esateak mundu magiko batean murgiltzen garela zirkuarekin, baina egi galanta da hori! Pozik gaude Andoainera gatozelako eta gure mundu magikoa Oria ibai ondoko zelaian jarriko dugulako: trapezistak, malabaristak, pailasoak, musikariak… Denetik dauka gure zirkuak, eta hori guztia, gure hizkuntzan!”.

Adin guztientzako ikuskizuna dela nabarmendu du Galartzak, “adin txikikoak pozik etortzen dira, eta zer esanik ez helduak eta aitona-amonak!”. Umorea erabili du gonbitea herritar orori zabaltzeko: “Plan zoragarria eta paregabea izan daiteke andoaindarrentzat eta inguruentzat. Santa Krutz festak bukatu berritan izango dira andoaindarrak, denak aje pixka batekin, alegia, eta gu alaitasuna ekartzen eta elkar-banatzen saiatuko gara”.

Gure Zirkua Miranda Pasealekuko zelaian (haur parkearen eta frankismoko biktimen aldeko eskulturaren artean) kokatuko dute, eta ondorengo emanaldiak egino ditu: maiatzaren 5ean, ostirala (19:00); maiatzaren 6an, larunbata (16:30 eta 19:30); maiatzaren 7an, igandea (12:00 eta 18:00); maiatzaren 12an, ostirala (19:00); eta maiatzaren 13an, larunbata (16:30 eta 19:30).

Sarrerak, dagoeneko, gurezirkua.eus webgunean erosi daitezke, eta baita zirkuaren karpan bertan ere, maiatzaren 2tik aurrera. Bertako txarteldegian eskuratu ahal izango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!