Buruntzan errepublikanoen, komunisten eta anarkisten banderak jarri dituzte, ikurriñaren ondoan

Aiurri 2023ko api. 12a, 14:52

Buruntzako tontorrean, herrikide abertzale batzuk masta zutitu, eta bertan ikurriña ipini zuten, 2022ko urrian. Bada, atzo, zenbait herrikide antifaxistek, beste hiru bandera gehitu zituzten masta horretan: errepublikanoa, komunista eta anarkista. Hona zabaldu duten oharra:

"Buruntza, bere esanahia erresistentzian

Antifaxista sentitzen garen zenbait herritarrek ekintza sinboliko inklusiboa egin dugu Buruntzako tontorrean. Zehazki, gailur horretako mastan aurretik jarritako ikurrinari beste hiru bandera gehitu dizkiogu, zenbait egunetan iraun dezaten: errepublikarra, komunista eta anarkista.

Gure gertuko historian, Buruntza mendiak hainbat ideologietako eskualdeko herritarrek faxismoari 1936ko abuztuan eskaini zioten erresistentzia sinbolizatzen du, hain zuzen, erresistentzia kolpe militar odoltsua lehenbizi eta ondoren diktadura ezarri zituen faxismoari. Armamentu gutxirekin eta prestakuntza militar eskasa eduki arren, Belkoain edo Txaldatxurreko defentsa-lerroekin batera, tropa faxista gerarazi zuten hamabost egunez, abuztuaren 16tik 31ra; horri esker, lortu zuten ez Donostia eta ezta Gipuzkoa osoa ere ez zitezen faxismoaren esku erori denboraldi batez.

Abertzaleek, ezkerreko errepublikanoek, komunistek eta anarkistek bat egin zuten zilegitasun demokratiko errepublikarra eta askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren baloreak defendatzeko orduan, Buruntzakoa bezalako defentsa-lubakietan.

Nork bere bandera haizatuz jardun zuen, eta, beraz, gure historiarekin zintzo jokatu nahi badugu eta aurreko belaunaldi antifaxistei aitortza publikoa egin nahi badiegu, lau banderak mastan ordezkatuta egotea da zilegiena.

Ez dago orainik, memoriarik gabe!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!