"Xarma egokia da buruan duguna aurrera eramateko"

Mikel Arberas 2023ko api. 13a, 11:43

Eneko Iradi, Lide Sobrado Lizarribar eta Leire Lizarribar.

Taberna zabalik dago Goikoplazan, asteartetik, Aterpe jatetxea zenaren lokalean. Denbora luzez proiektuarekin lanean egon ostean, ilusio handiz ekin diote Leire Lizarribar eta Eneko Iradi arduradun berriek.

Nolatan erabaki zenuten Aterpe jatetxea zena berrirekitzea?

Herriko plaza izanda, lekua oso gustuko genuen. Gainera, denbora luzez langabezian egon gara, hortaz, bitartean, hainbat txoko begiratzen aritu ginen; ostalaritza munduan jarraitzeko asmoa eduki dugu aspalditik. Azkenean, xarma handiko txoko hau ikusita, etxeko hirurak bildu eta, azkenean, Xarma izena bera jartzea erabaki genuen. Xarma gora eta xarma behera, hortxe izenaren jatorria.

Zein da Xarma irekitzeko egin duzuen lan prozesua?

Prozesua oso luzea izan da. Ia hiru urtez ibili gara leku batetik bestera; hainbat lokal begiratzen aritu ginen, egoerak aztertuz eta ideiak hartuz. Dena den, gure proiektua izango zenaren ideia nahiko garbi genuen; beraz, Aterpe zenaren lokala ikusi genuenean, buruan genuen guztia bertan irudikatzea lortu genuen. Xarma egokia da buruan duguna aurrera eramateko.

Xarman zer eskaintzeko asmoa duzue?

Goikoplazan ez dago aukera handiegirik, eta beraz gehitu egingo da edateko edota zerbait hartzeko aukera. Jateko lau gauza emango ditugu, baina eskainiko ditugun horiek goxoak eta erakargarriak izango dira. Edariei dagokionez, Estrella Galiciaz gain, garagardo bereziak egongo dira. Ardo-etxeekin ere lanean arituko gara eta kafeak Lavazza italiar kafea edateko aukera egongo da. Hortaz, kalitatezko produktuak kontsumitzeko aukera edukiko dute bezeroek.

Janaz eta edanaz gain, bezeroek zer jasoko dute Xarman?

Plaza huts samar zegoela sumatzen genuen, beraz, lokal barnean monologoak, zuzeneko musika eta horrelakoak eskaintzeko asmoa daukagu. Terrazan ere lekua dugunez, ekitaldiak egin nahi ditugu, hots, mugimendu apur bat sortu eta plazari bizia eman nahi diogu.

Diotenez, Lasarte-Oriako Oreka taberna zenaren sukaldaria lan taldean sartu duzue.

Bai, Xabier du izena sukaldariak. Beraren esperientzia edukiko dugun bezala, sukaldean Sara izango dugu; Andoaingo Cristian eta Josu ere lan taldean sartu dira, baita Juanma musika arloa kudeatzeko. Beraz, lan talde ona, interesgarria eta esperientziaduna sortu dugu.

Horren famatuak diren hanburgesak egingo al dituzue?

Dudarik gabe! Xabierren errezetek horrelako fama edukita eta Andoainera ekarrita, nola ez! Hori bai, hanburgesa famatuak probatu gabe sartu genuen lan taldean, eta, egun hauetan, probatu ostean, ulertzen dugu zergatik herritarrek dituzten horren gustuko Xabierren sorkuntzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!