Argazki-oina
1936ko otsailean Etxeberrietan. (1) Teodoro Txopeitia Beuba; (2) Alfredo Alvarez San Sebastian; (3) Lorentzo Galartza Sarasola; (4) Nikolas Agirre Garmendia; (5) Alberto Urrutia Genua; (6) Bautista Zabala Etxebeste; (7) Jose Erauskin Soroa; (8) Jose Inazio Peruarena Rekalde; (9) Inazio Arratibel Fernandez; (10) Ramon Salazar Gurrutxaga; (11) Patxi Arratibel Beldarrain; (12) Luis Zabala Etxebeste; (13) Ramon Zelarain Garmendia; (14) Teofilo Usandizaga Iztueta; (15) Mariano Fernandez Mailan; (16) Jose Arratibel Fernandez; (17) Jose Mari Arrieta Gorosarri. Argazkia: Pilar Txopeitia.
Argazkia, 1936ko otsailaren 9an hartuta dago, Etxeberrietako zelaian, Euskaldunak Donostiako Eusko Gaztedi taldeari 8-0 irabazi eta gero. Pozik ageri dira egun hartan jokatu zuten nahiz plantilla osatzen zuten gainerako jokalariek, eta ez da gutxirako, izan ere, garaipenari esker, Gipuzkoako hirugarren mailako ligako txapelketa irabazi zuen Euskaldunak.
Ehunka herritar bildu zen Etxeberrietan igande hartan, jakitun izanik zer eragin zezakeen norgehiagokaren emaitzak. Dena esatera, arrazoi bikoitza zuten andoaindar futbol zaleek pozez txoratzen egoteko: atzera joz gero, 1926-1927ko denboraldia jokatu ostean, Euskaldunak ezin izan zuen urtetan talderik osatu Gipuzkoako lehiaketetan parte hartzeko. Halako batean, baina, 1935-1936ko denboraldian lortu zuen berriro Andoain ordezkatuko zuen talde ofiziala edukitzea, gogotsu zetorren belaunaldi gazte bati esker.
Heroi gisa hartu zituzten Euskaldunako jokalari gazteak herrian, 1936ko otsailaren 9an. Eta horrela, partidua amaitu eta gero, ehunka andoaindarrek herriko kaleetan barrena ospatu zuten garaipena. Etxeberrietako zelaitik kalejiran irten baitziren, jokalariak aurretik zituztela, eta Joxe Mari Oiartzabalen akordeoiak haizatzen zituen doinu alaien erritmo bizira.
Belaunaldi garailea zapuztu zuen kolpe militar odoltsuak
Errepublikaren aro historiko demokratikoaren etorrerak gizarteko zati handi batean eragin zuen pozarekin pareka genezake kasik Euskaldunak Gipuzkoan eskuratu zuen garaipenak andoaindarren artean sortu zuen sentimenduak.
Nolanahi ere, ibilbide laburrekoa izan zen alaitasun kolektibo hura, Errepublikaren haize askatzaileak gogoko ez zituzten faxistek moztu baitzuten guzti hura, uztailaren 18an martxan jarri zuten kolpe militar odoltsuaren eskutik.
Kolpe militarrak eta ondorengo gatazkak gizarte osoa minez eta odolez jantzi bazuen ere, bereziki txikitu zuen herriko kultur, gizarte eta kirol dinamiketan buru belarri inplikatua zebilen belaunaldi gaztea. Euskaldunako jokalariek osatutako taldeak ezin egokiago irudikatzen du belaunaldi hura. Errotik moztua izan ez balitz, Andoaingo historiaren norabidea markatuko zuen etorkizunean belaunaldi horrek, diktadura frankistak errealitatean eraman zuen bide ilunetatik urrun.
1936ko argazkian ageri diren jokalari gehienek bat egin zuten Errepublikaren zilegitasun demokratikoarekin, eta aurreneko egunetan hartu zituzten armak eskuetan, Nafarroatik zetozen tropa faxistei aurre egiteko, Belabietako zelaietan lehenbizi, Buruntza edo Belkoaingo tontorretan ondoren, eta Bizkaiako eta Kantabriako fronteetan, azkenik. Horien aldean, beste bakar batzuk, borondatez nahiz kintek behartuta, bat egin zuten kolpearekin.
Errepublikaren alde borrokatuz hildako jokalariak
Nikolas Agirre Garmendia, Kaxtro (Andoain, 1915). Herriko kultur eta kirol eragilea. Batzokiko bazkidea. Ezpata-dantzaria, ezkongabea. Ahots indartsua zuenez, Batzokiko abesbatzako bakarlaria izaten zen maiz, euskal kutsuko emanaldietan, Aberri Eguna, Santa Ageda, Gabon eskea…Andoainen hildako lehen herritarra izan zen, abuztuaren 11n hain zuzen. Horretarako, aurrez, egun behar da kontu Andoainen eratu ziren lehen defentsa partidak Leitzaran eta Belabietako parajeetara abiatuak zirela, Nafarroatik zetorren tropa faxistari aurre egiteko asmoz, Casiano Izquierdo Andoaingo karabineroaren agintepean. Armamentuz eskas baina borondatez gainezka. Errepublikaren sistema demokratikoa defendatzea zuten helburu. Esan bezala, abuztuaren 11n, borrokaldi latza gertatu zen Belabietako goi zelaietan, eta bertan akabatu zuten Agirre gaztea maindire zuri batez estalita, kotxe baten gainean jaitsi zuten herrira. Andoaindar gehienek ikusi zuten Kaxtro-ren gorpua, eta izua hezurretaraino sartu zitzaien kolpe zaleekin bat egiten ez zuten makina bat andoaindarrei. Ihesaldi masiboa gertatu zen abuztuaren 11az geroztik hurrengo egunetan; ia 4.000 biztanleko herria hustu samar geratu zen; kasik erdiek, Bizkaiko bidea hartu zuten. Batzuk ez ziren gehiago itzuliko.
Jose Arratibel Fernandez (Andoain, 1917). Etxeberrietan bizi zen familiarekin, ezkongabea. Atezaina zen Euskaldunan. Futbolzale porrokatua izaki, Subijanako lantegian goizeko erreleboko lanari ekin aurretik, 05:00etan, Inazio anaia esnatu eta arrastaka Etxeberrietara eramaten zuen, haren jaurtiketekin entrenatu nahi izaten baitzuen. Bizkaian frontean, intendentziako batailoi abertzale batean ari zela galdu zuen bizia, 1937ko apirilean.
Juan Inazio Peruarena Rekalde (Andoain, 1918). Kale Berrian bizi zen familiarekin, eta Subijanako langilea zen. UGTko militantea zen eta Rusia batailoian jardun zuen Bizkaiko frontean. Asturiasen desagertu zen 1937ko urrian, eta, baliteke, bertan, tropa frankistek atxilotu eta haiek erail eta desagerrarazi izana.
Joxe Mari Arrieta Gorosarri (Andoain, 1910). Kale Nagusian bizi zen familiarekin. Herrian hainbat ekimen publikotan mugitu zen gaztea: San Martin abesbatzako kantaria, Udal Musika Bandako klarinete jolea, Andoaingo ELA sindikatuko Kooperatibako Batzordekidea… Bizkaiako frontean, EAJren Amayur batailoian borrokatu zuen, eta 1927ko apirileko ofentsiba frankistan erail zuten.
Bestalde, ezin aipa gabe utzi Euskal Ejertzitoarekin gudariak edo milizianoak izan eta gero, kartzelaldia nahiz langile batailoitan esklabutza pairatu zituzten Euskaldunako jokalariak: Teodoro Txopeitia, Alfredo Alvarez, Lorentzo Galartza, Bautista Zabala, Ramon Salazar, Luis Zabala, Ramon Zelarain, Teofilo Usandizaga, Mariano Fernandez eta Inazio Arratibel.
Kolpe militarrarekin borrokatuz hildako jokalariak
Alberto Urrutia Genua (Andoain, 1916). Etxeberrietan bizi zen, familiarekin. Subijanako langilea. Ideologiaz karlista izaki, bolondres gisa joan zen erreketeekin, eta Zumalakarregi eta San Ignacio Tertzioetan egin zuen borroka. Teruelgo frontean 1938ko urtarrilean hil zuten.
Patxi Arratibel Beldarrain (Andoain, 1919). Kale Nagusian bizi zen, familiarekin. Lanbidez okina zen, familiaren okindegian. 1936-1937 epean, Pelayoekin (karlismoaren gaztetxo sekzio paramilitarra) erakusle lanetan jardun ostean, errekete bolondres gisa aritu zen Ebroko gerra-frontean. 1938ko abuztuan hil zuten.
Jose Toribio Erauskin Soroa (Andoain, 1917). Etxeberrietan bizi zen, familiarekin. Subijanako langilea zen. 83. Dibisioko Argel Batailoira destinatu zuten, eta Castelloko frontean hil zuten, 1938ko maiatzean.