Andoainen frankismoak eragindako biktimek omenaldi hunkigarria jaso zuten

Aiurri 2023ko api. 16a, 08:57

Txalaparta, dantza, musika, bertsoak eta biktimentzat egia, justizia eta aitormenaren aldeko aldarrikapena nagusitu ziren Andoaingo frankismoko biktimen alde Basteron atzo egin zen ekitaldi hunkigarrian, Oroituz elkarteak antolatuta. Besteak beste, Abesbatza Errepublikanoak, Gora Kaletxiki Bandak eta Sebastopol dantza taldeak Nafarroako memoria historikoan ikurtzat hartzen den “Maravillas” abestiaren bertsio zirraragarria interpretatu zuten. Argazkiak eta bideo-sorta, ikusgai:

 

Bi zati izan zituen omenaldi ekitaldiak, Basteron atzo eguardian. Andoaingo kulturgile ugarik hartu zuen parte lehenengoan: Ekaitz Tolo, Juan Godoy eta Jon Urtasun Maizorri elkarteko txalapartariek, Josu Lekuona akordeoi-joleak, Unai Barrutia Urkiko dantzariak, eta, Beñat Beloki Punttuka bertso elkarteko bertsolariak. Aldi berean, herriko 25 fusilatu eta desagerraraziek bereziki gogoan hartu zituzten, beren familiarrek eta adiskideek eskaini zieten lore eskaintzaren eskutik, eta azkenik, Kepa Ordoki eta Oroituz elkarteetako kideek hitza hartu zuten.

 

Mezu kritikoak

Memoria politika ofizialak jomugan izan zituzten Oroituz eta Kepa Ordoki elkarteeko ordezkariek, Basteron (bi hitzartzeak, osorik bideoz ikusgai daude).

Oroituz-eko Lurdes Arteagak, frankismoko 40 urtetan eta ondoren etorri diren 45 urtetan ahaztuak izan diren Andoaingo biktimak izan zituen gogoan bereziki, bere hitzartzean. “Eurek izan dira Andoaingo memoria bizirik mantendu duten herritarrak, baina ordainean, egiarik eta justiziarik ezagutu gabe joan zaizkigu gure artetik asko eta asko. Hori baino injustizia handiagorik ba ote da?”.

Salatu zuen klase politikoa, hitzetik hortzera erabili izan duela biktimen aldeko diskurtsoa, eta ondo ahalegindu dela biktimen ondoan argazkiak ateratzen. Baina boterean egon arren, ez duela benetako apustua egin nazioartean onetsia dagoen “egia, justizia, aitormena eta ez errepikatzeko bermea”ren printzipioa . Madrilen onartu berri den eta Gasteizen onartzera doazen Memoria-legeak ere izan zituen hizpide, “berandu, oso berandu datoz Euskal Herriko eta estatuko milaka eta milaka biktimentzat. Ahazturaren eta bazterkeriaren politika nagusi izan denez orain arte, aurrera-pausutzat jo behar dira legeak, jakina; nolanahi ere, justiziaren kontzeptua baztertzen segitzen dute”.

Peli Lekuonak, Kepa Ordoki Bidasoaldeko elkartearen izenean, memoria historikoaren berreskurapenaren alorrean azken egunetan sortu den polemika izan zuen hizpide, besteak beste, eta Aranzadi Zientzia elkarteko historialaren aldeko hitzak egin zituen. “Aste honetan zientziaren begietatik begiratzen den memoriak kolpe latza jaso du. Urtetan ezarriak izan diren gutxieneko kontsentsu emankorrak leherrarazi dira. Orain arte ez da inongo zehaztapen edo iradokizunik egon. Zergatik? Kontsentsua ezarria zegoelako. Aranzadi izan da irizpide eta metodologia zientifikoarekin gertuko memoria soila plazaratu duena, 2018an ezarritako irizpideekin: alegia, ez baztertu, ez legitimatu, ez garrantzirik kendu. Eta orain, kezkagarria da zer nolako egoeran geratuko diren etorkizunean Aranzadiko historialariak, izan ere, baldintzatuak geratuko baitira zientzia egiteko”.

 

Musika emanaldi gogoangarria

Ekitaldiren bigarren zatian, Andoaingo Banda Errepublikanoak abesti antifaxistez osatutako musika-emanaldia eskaini zuen, Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta. Errepublikaren egunaren harira biltzen diren herriko abeslariek eta Gora Kaletxiki txarangako musikariek osatzen dute Banda.

Bandak, Basteron, honako bost abesti osatu zuen kontzertua: “Ekaitza”, “Hijos del pueblo”, “Maravillas”, “Justizia” eta “Eusko Gudariak”.

Azpimarratzekoa da Fermin Valentzia abeslari nafarrak sortutako “Maravillas” abestiarekin egin zuten bertsio askea, Sebastopol dantza taldeko dantzariekin batera.

Basteroko ekitaldia bukatu ostean, bertan parte hartu zuten hainbat kide eta beste hainbat errepublikazale Kottoi elkartean bildu ziren, bazkarieder batez gozatzeko. Andoaingo Jai Batzordeetako kideek prestatu zieten bazkaria. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!