Gora Kaletxiki eta Tolosako Banda gaztea, elkarrekin

Xabier Lasa 2023ko api. 20a, 07:07

Gora Kaletxiki Andoaingo karriketan musika zabalduz ospatuko du bere 20. Urteurrena, larunbatean. Ospakizunerako, gonbidatu berezia izango du bidaide: Tolosako Udal Musika Eskolako Gazteen Banda. Apirilaren 22an, larunbatarekin, goizeko 11:30etik 14:00etara bitarte arituko dira kalez kale bi musika taldeak.

Tolosako banda gaztea 60 kidetik gora musikariek osatzen dute, Miguel Angel Moreno irakaslearen zuzendaritzapean. Hortaz, ehun bat kidez osatutako kalejira erraldoia egingo dute. Ibilbideari ekin eta laster, Goikoplazan, emanaldi berezia prestatu dute; zenbait abesti interpretatuko dituzte, Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta. Kalejira amaitu ondoren, berriz, bazkari eder batekin borobilduko dute ospakizun eguna.

Ezinbestekoa, gizarte bizitzan

Aurten 20 urte beteko dira Andoaingo txarangak bere ibilbidea hasi zuenetik. Txaranga aski ezaguna da Andoainen hainbat eta hainbat festa zein ospakizunetan parte hartzen duelako, urte osoan. Parte hartu ez ezik, kultur-eragilearen funtzioa ere hartzen du tarteka. Makina bat ekimen bultzatu ditu hogei urtetan; besteak beste, Leitzaran bailaran nahiz Santa Krutz elizan hainbat kontzertu, Kaletxikiko jaietan kontzertua, ASPANOGI eta GENE elkarteen aldeko kontzertu solidarioak, Gipuzkoako txarangen topagunerako "Andoain txarangatzen” ekimena, beste batzuen artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!