Herri plataforma sortu dute, “Burujabetza. Demokrazia Zuzena” lelo pean

Aiurri 2023ko api. 20a, 16:43

Beste zenbait udalerrietan bezalaxe, Andoainen ere "Burujabetza.Demokrazia zuzena" izeneko herritarren plataforma osatu dute, eragileen hitzetan “herriaren ordezkaritza (batzarkidea) lortzeko eta udalean gure eskubideen alde borrokatzeko”. 

Hautagaien zerrenda aurkezteko, baina, zenbait urrats eman behar dituzte, legeak halaxe aginduta. Hain zuzen, apirilaren 24rako, 300 sinadura eta hamazazpi hautagaiez osatutako zerrenda aurkeztu behar dute. Lehen baldintza hori betez gero, azkenik, 500 sinadura aurkeztu beharko dituzte apirilaren 28rako.

Gauzak horrela, jada ekin diote bilketa kanpainari. Eskola kalean eta Goikoplazan jarri dituzte mahaiak aurreko egunetan, eta apirilaren  22an, larunbatarekin, Goikoplazan ipiniko dute,  Santakruz jaiak direla eta Makaldegitik hara eramango duten merkatuarekin batera.

Honako adierazpena egin du Andoaingo talde eragileak:

“Politika garrantzitsuegia da politikari profesionalen esku uzteko. Adibide asko daude: pentsioak, Tolosaldeako ospitalea, Zubietako erraustegia, covid legez kanpoko pasea, C2, mozal legea, etab. Demokraziara jauzi egiteko garaia da, pertsona bakoitzaren subiranotasunetik eta erantzukizunetik abiatuta.

Laster, politikariek murrizketa eta eskubide-murrizketa gehiago ezarri nahi izango dizkigute, eta posizioak irabazi behar ditugu.

Ez dugu sinesten alderdi politikoetan, ez politikoetan, ez partitokrazian (inoiz ez da Demokrazia izan). Erakutsi digute ez dutela gure konfiantza merezi”.

 

Bilbon aurkeztu zuten ekimena

Euskal Herriko herriz herriko plataformen bultzatzaileek Bilboko Hika ateneoan egin zuten ekimenaren aurkezpena, martxoaren 23an. Egun hartan, honako agiria zabaldu zuten, ekimenaren nondik norakoa azalduz, “Euskal Herrirako proposamen soziopolitikoa” izenburu pean:

“Politika garrantzitsuegia da politikari profesionalen esku uzteko. Bada garaia demokraziara jauzi egin eta erakundeetan zuzenean parte hartzeko baliabide publikoen kudeaketan, pertsona bakoitzaren erantzukizunetik eta burujabetzatik abiatuta.

Partitokraziaren garaiak amaitu beharra du, aspaldi ez gaitu ordezkatzen. Eskubide eta askatasunen murrizketaren aurrean, beharrezkoa da zentzua eta guztion ongia nagusitzea, eta horrek ez du zerikusirik ohiko alderdi politikoek pandemian zehar egin dutenarekin.

Horregatik, auzo bakoitzean, udalerri bakoitzean, pertsona burujabeak beren burua ordezkatzeko antola daitezen dei egiten dugu, udal-hauteskundeetarako herri-plataforma gisa zerrendak aurkeztuz, honoko bi helburuekin:  

  • Erakunde publikoak eta instituzioak alderdi politiko gabe kudeatzea, gure antzinako egiazko demokrazia berreskuratuz, batzarreen sistema, kargu publikoak betiere komunitateak aukeratutakoak izanik, askatasunez, alderdi politikoen esku-hartzerik gabe.  
  • Giza Eskubideen erabateko errespetua.

Horretarako, guk, egiazko demokrazia lortzeko gogoeta- eta sustapen-talde gisa, webgune honen bidez (bujabetza.eus), sinadurak biltzeko eta hauteskunde-zerrenda libreak osatzeko administrazio gaietarako laguntza eskaintzen dugu. Informazioa eduki ahala bertan jartzen joango gara.

Hauteskunde-kanpainan eztabaidak egingo dira hainbat gai ezagutzen dituzten izen-abizeneko pertsonen artean, batzuk hemen eta orain gaudela, ezarritako agenda sozio-politikoaren gidoiaren helburuak garatu eta eztabaidatuko dituzte modu publiko, aske eta irekian, askatasunez erabakitako xede berriak aztertu eta ezarriz, sortzen diren herri-plataformentzat gida garden eta maila tekniko eta zientifiko altukoak izan daitezen, plataforma horiek beren udalerrietan aplikatu edo egokitu ahal izan ditzaten. Betiere, pertsona, talde, plataforma, Batzarre, udalerri eta eskualde bakoitzaren burujabetasuna errespetatuz.

Herri barruko pertsonak Batzarreen bidez auto-antolatzea proposatzen dugu, horiek izan baitira beti gure zuzeneko ordezkaritza sistema, azken helburua udalbatza herriko Batzarre bihurtzea delarik. Benetako demokrazia zuzena berreskuratzea.

Hau da beraz, gure alternatiba sistemaren aurrean, eta, horretarako, eskura ditugun bitarteko guztiez baliatzen gara, sistemaren barruan eta kanpoan. Has gaitezen gertuenarekin, udalerri, aldundi eta Nabarrako Parlamentuan. Ez diezaiegun gobernatzen utzi jauntxo moderno hauei, berreskura ditzagun geure balio eta eskubideak, geure egiazko demokrazia.

Gora Herrietako Batzarre libreak, gora Osasuna eta Askatasuna!”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!