1923ko maiatzaren 28an beteko dira ehun urte. Iristear da egun seinalatua.
Bai. Urtarrilean ekin genion mendeurrena ospatzeari, baina ekitaldi nagusiak oraintxe datoz: erakusketa, eskulturaren irekiera eta herri bazkaria. Erakusketa hilabetez zabalik izango da, eta lehenengo eguna klubarekin zerikusi zuzena izan duten pertsonei zabalduko diegu. Erakusketan historiari errepasoa emango diogu, eta ez bakarrik futbol ibilbideari. Pilotak, saskibaloiak eta mendizaletasunak atal bana izan baitzuten klubaren iraganean.
Apirilaren 21etik aurrera, herritar guztiei zabalik izango da, Basteroko erakusketa gelan, ohiko ordutegian.
Zer da Bastero Kulturgunean zabaltzear den erakusketak bere baitan jasoko duena?
Historiako mugarriak topatuko ditu bisitariak, erakusketa aretoan. Sartu eta berehala, historian izan ditugun lehendakariei tartea eskaini diegu. 29 lagun izan dira, denera, ehun urteko historian.
Hainbat mugarri izan ditu gure klubak, historian. Besteak beste, Etxeberrietako futbol zelaia. 75 urtez han izan ginen. Loidi taberna zegoen han, eta hura klubaren egoitza sozial modukoa bilakatu zen. Bada, Loidi tabernak ere txokoa izango du erakusketan. Kirol ikuspegitik, 60ko hamarkadan, Euskalduna sei urtez jarraian hirugarren mailan aritu zen. Jokalari garrantzitsuak izan genituen, garai hartan. Besteak beste, Mendiluze, Esnaola, Velasco anaiak, Artola... Jubenil mailako taldea nazional mailako ligan aritu zen eta horren lekukotza agertuko da erakusketan. Ahaztu gabe Ubitarte, azken urteotako gure zelaia dena.
Oro har, oso erakusketa polita prestatzen ari gara. Erakusketak iraun bitartean, beste bi ekitaldi garrantzitsu izango ditugu.
Zeintzu dira beste bi ekitaldi nagusi horiek?
Maiatzaren 6an ekitaldi nagusia antolatuko dugu Bastero Kulturguneko auditorioan. 12:00tan izango da, eta herritarrez betetzea nahiko genuke. Ekitaldi berezia izango da, hainbat kide nabarmenduko ditugulako. Euskaldunaren pasarte ezberdinak biziberrituko ditugu, antzezpen eta azalpen ezberdinen bidez. Imanol Iribarrenek egindako ereserkia zuzenean eskainiko dugu, Mikel Morenok abestuko duena. Historia biltzen duen ikus-entzunezkoaren trailerra eskainiko dugu ere. Bastero betetzea pozgarria litzateke. Hori baino lehen, 11:30ean, eskulturaren irekiera-ekitaldia egingo dugu Ubitarten. Amondarain eskulturaren egilea bertan izango da.
Eta herri bazkaria herri osoari zabalik dago?
Halaxe da. Baina ez da hori bakarrik izango. Maiatzaren 13an, eguerdiko 12:00tan, Euskaldunaren historia biltzen duen ikusentzunezkoa eskainiko dugu Basteroko ekitaldi aretoan. 12:30ean emakumezkoen beteranoak elkartuko dira Ubitarten, lagunarteko partida jokatzeko. Eta, ondoren, bazkari herrikoia Aita Larramendi ikastolako pilotalekuan. Andoaindar guztiak daude gonbidatuta, Andoain herriarekin partekatu nahi dugulako mendeurrena. 18 urtetik gorakoei zabalik dago, eta berriro diot, ez da Euskaldunako jokalari ohien bazkaria izango. Hori baino gehiago izatea nahiko genuke. Herrikide guztiei eskainitakoa izatea nahiko genuke.
Baten batek esan dezake ez duela inoiz Euskaldunan jokatu, baina horrek berdin dio. Herritarrak, andoaindarrak, elkartu nahi ditugu herri-bazkarian. Diskoteka mugikorra izango dela aurreratu dezakegu, bazkalostean kalez kale ibiliko dena.