EH Bilduk hautes-zerrenda aurkeztu du

Jon Ander Ubeda 2023ko api. 21a, 21:59

Ekitaldi jendetsua izan da gaurkoa, Basteroko ekitaldi aretoa bete baitute. Hogei hautagai aurkeztu ditu EH Bilduk, eta beste hainbeste herrikide igo dira taula-gainera hautagai bana aurkeztera.

Bideo emanaldi batekin hasi da ekitaldia, eta Ana Carrere eta Jon Zulueta hautetsien lekukotzarekin gogoan hartu dira azken agintaldiak. Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak ere parte hartu du ekitaldian, bideo bidez. Andoaini oso lotuta dagoela aitortu du, haurtzaroan udak bertan igarotzen zituelako.

Gaurko hitzorduan hautes-zerrenda aurkeztea zen xedea, eta atzekoz aurrera banan bana aurkeztu dituzte hautagai guztiak. Ekitaldiak une gorenak izan ditu, eta horietako bat Kontxi Arratibel hautagaia aurkeztu dutenean izan da. Alvarez Letek ere haren aldeko hitzak izan ditu, eta ikusleen txalo zaparrada jaso du.

Hauxe da ziklo politiko berrirako hautes-zerrenda

  1. Andoni Alvarez Lete
  2. Marta Lasa Goñi
  3. Xabier Fondon Pajares
  4. Garazi Usandizaga Zubiria
  5. Josu Mateo Turrillas
  6. Haizea Barandiaran Zubillaga
  7. Diego Barrasa Ruiz (independientea)
  8. Larraitz Arriola Larrarte
  9. Aitor Ibarguren Larrarte
  10. Miren Maite Ansa Eceiza
  11. Estebe Lopez De Munain Txapartegi
  12. Kontxi Arratibel Buenetxea
  13. Pello Oria Ponce
  14. Izaskun Beraza Ormazabal
  15. Roge Miguez Rodriguez
  16. Uxune Tena Ugarte
  17. Juantxo Arregi Pagola
  18. Miren Dominguez Elosegi
  19. Asier Aranburu Sanchez
  20. Inma Laskibar Erkizia

Haria ez da eten

Ainara Rodriguez, Ana Carrere, Agustin Alberro… iraganean pisu handia izan duten hautetsiak izan dira eta oraindik ere parte hartze aktiboa dute EH Bildun. Haien lana nabarmentzearekin batera agintaldi honetan agur esango duten Esti Mujika, Jon Zulueta, Julian Lopez eta Maite Etxeberria gogoan hartu dituzte. Lore sorta bana eman diete, eta lauren izenean Jon Zuluetak hartu du hitza. Egindako ibilbidea eta herritarrak ordezkatzea plazerra izan dela esatearekin batera, gogoan hartu ditu Axier Oiartzabal eta Ainhoa Ozaeta euskal presoak.

Andoni Alvarez Lete hautagaiaren hitzartzea

Kiroldegiko bigarren pista, Udal liburutegia errealitate bihurtzea, emakumeen etxea eta sortzaileen gunea izango dira EH Bildurentzat erronka nagusiak. Denen ekarpena eskatu du, alkatetza berreskuratzeko: “Gu guztiok zerbait emateko gai bagara, sinistuidazue, lortuko dugu, elkarrekin lortuko dugu baina horretarako boto guztiak beharko ditugu, gure inguruko guztiak eraman beharko ditugu bozkatzera, eta hori egiten badugu, bakoitza bere ingurua aktibatzeko gai bada lortuko dugu eta Andoain hobe bat egingo dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!