Hilabeteak eman ditugu lanean, hausnarketetan, formakuntza-saio zein eztabaidetan, beste eragileekin elkarlanean... Eta gaur, hemen, jai hau antolatzen ibili garen eragile zein norbanakook, aurkezten dugu herrira protokoloa.
Erasoak ez dira jarrera isolatuak, sistema zisheteropatriarkal eta kolonialean bizi eta harremantzen garen momentutik, ekintza hauek estrukturalak dira eta norberaren ardura da jarrera horiek ez erreproduzitzea. Badakigu, jai giroa eta alkohola aitzaki gisa harturik, gainera, erasoak areagotzen direla. Beraz, aurten ere, erasoen aurrean antolaturik gaudela garbi utzi nahi dugu. Egun bakoitzeko protokolo arduradunak egongo dira txoznagunean eta erasoren bat jasan, ikusi edota testigu izan bazara, barrara hurbildu eta beraiengana bideratuko zaituzte.
Garbi gelditu dadila, gainera, protokoloa sortu, landu eta jaietan antolatu beharraz nazkatuta gaudela. Protokoloa egiten dela, zuek, gizonok erasotzen duzuelako, beraz, hartu ardura. Guztiok gara jai giro osasuntsu, seguru, eroso eta askeak sortzearen erantzule, beraz, ez izan konplize eta ez badakizu egoten, ez etorri.
Autodefentsa transfeministaz armatuta gaudela aldarrikatu nahi dugu, antolatuta gaudela eta ez garela isilduko. Elkar-zaintza erdigunean, gozamena eta gune erosoak eraikitzen jarraituko dugu, jai askeak nahi ditugulako denontzat.
Aurtengo festetan ere, hartu ardura eta zaindu jarrerak!