Susana Arregiren eta Jon Lizarralderen heriotzak argitu nahian

Xabier Lasa 2023ko api. 25a, 15:19

Arregiren eta Lizarralderen senideak eta lagunak, Pako Aristi idazlearekin batera

Susana Arregi oñatiarraren eta Jon Lizarralde andoaindarraren suizidioaren bertsio ofiziala ezeztatzen duen Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua aurkeztu zuten Donostian, joan den ostiralean. Pako Aristi da bere egilea, eta Irunberriko arroilan 1990eko ekainaren 25 eta 26an gertatutakoak argitzeko asmoz idatzi du. 

Liburua Andoainen, Basteron datorren ostegunean, arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko dute. 

Hamaika ataletan banatuta dago 271 orrialde dituen liburua, argazki eta ilustrazio mordoa barne, eta erreportaje luze baten kazetaritza estiloan, nobela baten moduan irakurtzekotan, osatu du kontakizuna.

Atal horiek dira: “Tragedia baten lehen notak”, “Bizi-hari mehe bat”, “Gau iluna, gau luzea”, “Heriotzak hautsitako bihotzak”, Nork hil du Susana?”, Posible balitz bi aldiz hiltzea”, “Operazio atzeratua”, “Zuhaitzaren sustraiak”, “Aztarna mutuak”, “Vogels Kijken”, eta “Azken alegatua”.

Mitxelena kulturgunean egin zuten liburuaren aurkezpena, eta bertan, Erein argitaletxeko Uxue Razquin, ikerketan parte hartu duen Gure Bazterrak elkarteko Ander Lizarralde, Egiari Zor Fundazioko Pilar Garaialde eta Pako Aristi idazlea izan ziren.

Horiekin batera izan ziren aurkezpenean, besteak beste, Txemi Gorostiza bi ETAkideren abokatua, Susana Arregi Maiztegiren familiarrak, Ixiar Lizarralde Jon Lizarralderen arreba, eta Joxean Barandiaran, Joxe Mari Urdanpilleta eta Niko Francisco Jon Lizarralderen lagunak.

 

Joxe Mari Urdanpilleta, Niko Francisco, Joxean Barandiaran, Ixiar Lizarralde eta Pako Aristi

 

Corcueraren bertsioa ofizialari, bestea kontrajarri

Aristik, Donostiako aurkezpenean, liburuak gertakizunei buruz atera dituen ondorioak azaldu zituen. Horretarako, Corcuera Espainiako barne ministroak Irunberrikoa gertatu eta lau egunera Kongresuan egin zuen agerraldiari heldu zion: “kongresuan bertsio ofiziala eman zuen. Bederatzi folioekin, 27 minututan, ezarria utzi zuen historia honi buruzko bertsio ofiziala. Gaur arte ezagutzen zen bertsio bakarra. Guk gauza berbera egingo dugu: erantzungo diogu Corcuerari, eta irakurriko ditut bederatzi folio, 27 minututan. Idatzi horrek dakar pixka bat liburuaren laburpena, tesia edo; izan ere, istorio hau konplexua da, hari asko dauzka, 20 ordu iraun zuen operazioa izan zen, sekula izan den luzeena. Orografikoki oso leku berezia da, isolatzea oso erraza, kilometro eta 200 metro dauzkana, tunel bat eta itxi eta bestea itxi eta han ezin dena inor sartu poliziaren kontrolpean”.

 

Bi goi helburu

Bi helbururekin argitaratu dutela liburua, zehaztu zuen Aristik: “Bertsio ofizialaren ondoan bestelako bertsioa, alternatiboa ezarri nahi dugu. Zertarako? Egia jakiteko, eta nik uste hurbildu garela dezente, errealitatea zein izen zen jakitera. Corcueraren testua fikzio hutsa da dena. Gurea errealitate hutsa da, ia dena, asko hurbildu baikara gertakizunetara. Batetik egia bilatu nahi genuen, eta horretan saiatu gara gure ahalmenaren arabera. Ahaztu gabe informazioa guztia estatuak daukala kutxa batean gordeta, eta nahi duen arte atera gabe edukiko duela. Eta bestetik, nahi dugu etorkizuneko historialariek eduki ditzaten bi informazio iturri hauek, eta gero eurek erabakiko dute kasu honi buruz idazterakoan, ze ondorio atera”. 

 

Pako Aristik lagungarri izan du Oñatiko Gure Bazterrak kultur elkarteak egindako ikerketa "Irunberri, 1990: Arroilaren negarra" liburua idazteko 

 

Epilogoa: Zuzenbide Estatuaren urraketa

Donostiako aurkezpenean Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua laburtzen duen bederatzi orrialdeko testuari epilogoa jarri zion Aristik, aurkezpen ekitaldiari amaiera emateko: “Ez da ETA historia honen gaia. Ezta Guardia Zibila ere. Historia honen gaia Zuzenbide Estatua da. Historia honetan kontatzen da estatuak ez zuela hiritar batzuk babesten jakin: edo ez zuen nahi izan, edo ezin izan zuen. Hiritar hauek atxilotu egin behar zituzten, epailearen aurrera eraman, eta, hala ebatziz gero, ezarritako kondena bete”.

Zuzenbide Estatuak unibertsala behar duela izan aldarrikatu zuen Aristik: “hala behar du izan ezarrita dagoen lurraldeko biztanle guztientzat. Hor datza bere zilegitasuna. Ezin du diskriminaziorik egin pertsonen artean, bakoitzak duen historialaren arabera. Ezin du esan: hau homosexuala da, hau ijitoa, hau terrorista, ez diot legea aplikatuko. Unibertsala izan behar du, baita Estatuaren aurka oldartzen direnekin ere. Ez bazaie denei aplikatzen, desafio egin diotenak eliminatzen hasten bada Zuzenbidezko Estatu izateari uzten dio. Eta Irunberrin Zuzenbide Estatua desagertu egin zen hogei orduz. Ikusi izan dira exekuzioak gero tiroketa gisan mozorrotuak, baina Irunberrin pauso bat gehiago eman zuen, biktimak euren buruen biktimario bihurtuz”.

 

Konbikzioak aski ez eta, ikerketaren premiara

Irunberriko gertakarien haritik ikerketan parte hartu duen Gure Bazterrak elkarteko Ander Lizarraldek ere hartu zuen hitza Mitxelenan. Oñatiko gaztetxean erroak dituen Kultur elkartea da Gure Bazterrak. Orain arte, herriko ondarea baserriz baserri biltzen aritu da batetik, eta azken aldian, Oñatiko euskararen hiztegia lantzen ari da.

Aldi berean, elkarteka Irunberriko gertaerak jorratzeari ekin zion orain urte batzuk. “Suizidio kolektiboaren bertsio ofiziala inoiz ez dugu sinetsi ez oñatiarrok, ez andoaindarrek, ezta euskal herritarrek ere 33 urte hauetan. Konbikzio osoa zian dugu ETAkideak atzeman, torturatu eta hil egin zituztela. Baina aurreuste hori frogatu gabe ez goaz inora, eta horregatik, ikerketa abian jartzea erabaki genuen, liburua osatzeko asmoz. Une horretara iritsita, gai zaila zela eta informazio asko zegoela eta gure ahalmenetik harantzako zegoela egitasmoa. Eta horrela egin genuen harremana Pako Aristirekin. Eskertuta gaude benetan Aristirekin buru belarri sartu baita gaiarekin”.

 

Lizarralde, Garaialde, Aristi eta Razquin, Mitxelena kulturgunen egindako aurkezpenean

 

Egiarako eta justiziarako eskubidea, guztientzat

Pilar Garaialde mintzatu zen Mitxelena Kulturgunean egindako aurkezpenean, Egiari Zor Fundazioa ordezkatuz. Euskal Herrian ofizialki bi biktima mota daudela gogoratuz ekin zion mintzaldiari. “Indarkeria zehatz baten biktimek dagokien aitortza ofiziala jaso zuten, eta legeak ematen dizkien eskubideak erabiliak izan dituzte. Estatuak eragindako indarkeriaren biktimen ordea, abiapuntua oso bestelakoa da. Urte akotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan segitzen dugu Zehazki, salbuespenezko espetxe politikaren, eskuin-muturraren, gerra zikinaren, torturaren, polizia indarkeriaren, ordena publikoko indarrekin izandako ustezko liskarren ondorioz hil zirenei buruz hitz egiten ari gara”.

Bertsio ofizialek askotan eduki duten funtzioa salatu zuen segidan: “kasu gehienetan bertsio ofizialak eraikitzeak, poliziaren ekintzak justifikatuz, heriotzan naturaltasunez joz, edo hildakoak bere heriotzaren erantzule eginez, benetako krimenak ezkutatzeko, erantzuleen zigorgabetasuna iraunkortzeko eta estatuaren aparatuetatik giza eskubideen kontra baliatuko bortxa legitimatzeko balio izan du”.

2015ean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen “Memoriaren Erretratuak” txostena hizpide izan zuen Garaialdek. “Txostenak aitortzen du, ikerketa gehiago behar duten kasuak badaudela, eta atal horretan jaso zuten hain zuzen ere, gaur aztergai dugun kasua, 1990an Irunberrin gertatutakoa. Testu hau aurkeztu zutenean esan genuen, kasu batzuen inguruan ikerketa falta onartzea edo aitortzea ez zela nahikoa. Estatuaren menpeko polizek zein guardia zibilak eragindako heriotzen inguruan zeuden arrazoizko zalantzak argitzen lagunduko dituzten mekanismo eraginkorrak baina jarri behar zirela. Egia osoa argitzea ahalbideratuko luketen mekanismoak”.

Aldi berean, Gasteizko legebiltzarrean 2016an onetsitako 12/2016 legea (“1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa”) ere jorratu zuen Mitxelenan. “Zorionez, 12/2016 legearen bidez irekitako ikerketaren arabera, bertsio ofizialaren kutxa irekitzeko beharraren aldarrikapenerako arrazoi sendoak genituela esan dezakegu. Izan ere zenbait kasuetan agirian geratu den bezala, bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko eraiki baitziren. Iazko ekainean, legea honen kudeaketarako izendatutako balorazio batzordearen ebazpenaren berri izan genuen. Benito Mujika, Mikel Martinez de Murgia edo Mikel Zabaltzari buruzkoa, bizitzeko eskubidearen urraketaren biktimen gisa, ofizialki aitortuak izan ziren. Haiek bezala, hamarnaka kasuak izan dira ofizialki aitortuak, bizitzeko eskubidearen urraketaren biktima gisa. Dagoeneko, ehundaka dira poliziak, ertzaintzak, guardia zibilak, eskuin muturrak, Triple Ak edo BVEk eragindako giza eskubideen urraketen biktima gisa ofizialki aitortuak, jasandako torturak edo zauri larriengatik”.

Bereizketarik gabeko egia eta justizia guztientzat aldarrikatu zuen Garaialdek, “Giza eskubideen arloko nazioarteko legediak eta egia jakiteko nazioarteko zuzenbideak, ez dute bereizketarik egiten eskubide horiek urratzen dituen indarkeriaren jatorriaren arabera, ezta indarkeria hori jasan zuten pertsonen egoeraren arabera ere. Berdina da guztientzat”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!