Andoaingo Correoseko langileek kontratazio falta salatu zuten

Xabier Lasa 2023ko api. 26a, 13:24

Andoaingo Correoseko langileek Elkarretaratzea egin zuten Juanita Alkainen atzo, kontratazio faltagatik protesta egiteko. Zuzendaritzak lanpostuak ez dituela betetzen, eta egoera horretan denbora asko daramatela salatu zuten.

Langileek CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuen babesa dute beren aldarrikapenekin. Atzo adierazi zutenez, “lanpostuak ez betetzea kezkagarria da, eta denbora asko daramagu egoera hori jasaten. Correosek ez ditu bete langileak kanpoan egon diren egunak, nahiz eta behar besteko aurrerapenaz programatuta egon; izan ere, askotan, plantillaren erdia falta izaten da”.

Era horretan Posta Zerbitzu Unibertsala (SPU) urratzen dela gogorarazi zuten, “etengabe atzeratzen dira Legeak berak jasotzen dituen gutunak eta jakinarazpenak entregatzeko epeak. Langile faltaren aurrean, enpresak beste produktu mota batzuk lehenesten ditu, hala nola paketeria. Salatu nahi dugu egoera horrek langileengan sortzen duen gehiegizko ahalegina, langileen lan-baldintzei eragiten diena”.

Hauteskunde-kanpaina ere aipatu zuten elkarretaratzean: “egun gutxi barru hasiko da. Lan-gainkarga handia sortzen du, eta oraingoz, ez dago lanpostu guztiak betetzeko aurreikuspenik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!