Hemen dira, ate-joka, Santa Krutz jaiak. Hala, ostiraletik, asteazkenera bitarte, makina bat ekintza izango dira, adin eta gustu guztiei begira. Horien artean, egun berezia da asteartea, Kuadrillen Eguna. Bertako antolatzaile-lanetan dabiltza Aizpea Miner eta Aizpea Oria. Maiatzaren 2a egun seinalatua da.
Azken txanpan murgilduta zaudete. Zeintzuk dira azken egunetako eginbeharrak?
Aizpea Oria: Guztia lotuta daukagu, jada. Bilera-irekia egin genuen, jendea animatzeko, eta, orain, soilik, egunean bertan, guztia ondo joatea espero dugu.
Aizpea Miner: Aurten, kuriosoa da, ez dugulako sekula aldez aurretik horren ondo lotuta utzi eguna lehenago. Gustora gaude egindakoarekin, nahiz eta eguna iritsi arte beti egon urduritasunak.
A.O.: Egitura bera jarraitzen da, urtero. Aurreko aldietan arrakasta izan zuten ekintzak mantentzen ahalegintzen gara, esaterako, bingo musikatua. Hortaz, ez daukagu berrikuntza handirik, besteak beste, joan den urtekoak mantendu ditugulako.
Nola bizitzen zenuten Kuadrillen Eguna antolakuntzan sartu aurretik?
A.M.: Ez genuen joateko aukerarik izan... Pandemia garaia zelako! Antolakuntzan sartuta ginen, Kuadrillen Egunean parte hartu genuen lehen aldian. Lantaldean sartu ginen, lekukoa hartzeko beharra ikusi genuelako, zaharragoak direnek, hainbat urtez antolatzen aritu ondoren, ardura emateko beharra sentitzen zutelako. Andoaindar gazte gisa, konpromisoa eta premia sentitzen genuen.
Guztia berria zen, baina ondo baino hobeto azaldu ziguten dena, dokumentuak eskura genituen eta erantzukizunak ezagutzen genituen. Pixkanaka-pixkanaka, guk hartu ditugu gure aurrekoek zituzten ardurak.
A.O.: Pasa den urtean, ikusle-aktiboak ginen, modu batera edo bestera esanda. Orain, ordea, antolaketan ibili gara, buru-belarri: hamabi bat kideko taldeak lotu du 400 pertsona inguruko bazkaria.
A.M.: Eta ez da, soilik, bazkaria, gainera. Goizean, jokoak antolatzen ditugu, kuadrillak ere animatzen has daitezen. Bazkalostean, DJ Bull etorri ohi da, eta berarekin ere hainbat kontu itxita utzi behar dira. Alegia, egun bakarreko antolaketa izan arren, baditu bere koplexutasunak.
A.O.: Lehengo urtean, adibidez, jende mordoxkak lagundu zigun mahaiak eta aulkiak jartzen. Ea, aurten, aurreko urteko deialdia bezain arrakastatsua den, eta, horrela, azkar batean prestatzen dugun guztia bazkaltzeko.
Nola bizitzen duzue festa-eguna barrutik?
A.O.: Txiki-txikitatik bizi izan ditugu Santakrutzak, eta oso festazaleak gara. Gainerako egunetan baino erantzukizun zertxobait handiagoa sentitzen dugu Kuadrillen Egunean, baina ez da batere astuna. Aurretik guztia ondo lotuta edukitzea da gakoa.
A.M.: Ez da jaieguna tokatzen. Hortaz, nahiz eta jendeak goizean lana egin edo atseden hartu egunak aurrera egin ahala, pixkanaka, gero eta kuadrilla gehiago batzen dira eta egun borobila izaten da guretzat. Gainera, oso harreman polita daukagu lantaldean, eta malgutasunez biltzen gara.
Andoaindar gazteak elkar ezagutzeko espazio aproposa ere bada Kuadrillen Eguneko antolaketa-taldea, ezta?
A.O.: Bistaz guztiok ezagutzen genuen elkar, baina, antolaketaren bidez, harremanak estutu ditugu.
A.M.: Elkarlanean aritzeak konfiantza areagotu du gure artean. Jendea ezagutzeko modu polita da, aukera ona, guztiek jartzen dugulako gure partetik jaia aurrera atera ahal izateko.
Zein da zuentzat Kuadrillen Eguneko hitzordurik kuttunena?
A.O.: Lehengo urtean, trizibeheren unea izan zen onena. Errepikatuko dugu, traste berriekin.
A.M.: Oso arrakastatsua izan zen, eta inguruko zenbait herrik trizikloak eskatu zizkiguten gauza berbera antolatzeko. Bingo musikatuak ere oso erantzun ona eduki ohi du, euskal musika zaharra eta berria uztartzen ditugu. Giro polita sortzen da.
Zer esan esango zeniekete andoaindar gazteei?
A.O.: Katea bat da antolaketa, eta garrantzitsua da lekukoa ematea. Guztiok dugu gustuko Kuadrillen Eguna, baina, antolaketa-lana egin behar da, guztia ondo atera dadin.
A.M.: Lagun-giroan biltzen gara. Finean, bakoitzak ahal duen konpromisoa hartzen du. Garrantzitsua da lekukoa hartzea, Kuadrillen Egunaren xarmak jarrai dezan. Asteartea tokatzen da aurten, eta, astebarrua izanik, zailagoa izaten da etorri ahal izatea, ikasketengatik edo lanagatik.
Halere, jende dexente egon ohi da, egun berezia baita andoaindarrentzat.
A.O.: Esan bezala, laurehun laguneko langa igaro dugu!
A.M.: Ederki pasako dugu... Animatu dadila jendea!