Santakrutzak antolatzen noiz hasten zarete?
Santakrutzen antolakuntza bi zatitan banatuko genuke. Batetik, urrian, gutxi gorabehera, burokraziarekin eta baimen-eskaerekin lanean hasten gara. Ez da lan zaila, baina denbora eskatzen du eta ezinbestekoa da. Bestetik, Jai Batzordea urtarrilean biltzen hasten da, normalean, astean behin.
Horrela esanda, denbora soberan dagoela dirudi, baina urtarriletik hona asteak segituan igarotzen dira, eta, gutxinaka, guztia lotzen joan behar gara. Beraz, erlojupeko lana dela esango genuke.
Antolakuntza taldeak zenbat kide biltzen ditu?
Taldea hamabi bat kidek osatzen dugu, adin tarte ezberdinetakoak. Talde handia dirudien arren, kide bakoitzak bere egoera pertsonala du; hau da, batzuk gurasoak dira, besteek lana dute, eta badira Andoainen bizi ez direnak ere. Horiek horrela, oso zaila da maiztasunarekin taldeko gehienok elkartzea. Era berean, azpimarratu beharra dago, zereginak nahiko banatuak ditugula. Zailtasunak zailtasun, beste behin ere festak antolatu ditugu.
Egitaraueko zein ekitaldi nabarmenduko zenituzkete?
Aurtengoan, haurrei zein gazteei tarte handiagoa eskainiko diegu; esaterako, abentura gune bat jarriko dugu larunbat arratsaldean edota haurrentzako Txorotxarangan gozatzeko aukera egongo da astelehenean. Horrez gain, Zezensuzkoak kaleak zeharkatuko ditu bi egunetan.
Helduentzat ere izango dira berrikuntzak, esaterako, igandean egingo den Bermouth musikatua edota gautxorientzako txaranga. Egitarauan izango dira ere Fit Gypsy Dance taldekoak. Beraz, helduek ez dute aspertzeko astirik izango.
Azpimarratu nahiko genuke, aurtengoan ekitaldiak lotzea kosta zaigula, ezezko ugari jasota, ero moduan lanean aritu baikara; adibidez, kontzertuak hitzartzeko zailtasunak eduki ditugu.
Egitarau oparoa antolatzearekin batera, kamisetak, banderolak eta zapiak ere salgai jarri dituzue...
Egia esan, arrakasta handiko ideia izan da. Oker ez banago laurehundik gora kamiseta saldu dira, eta beste hainbat zapi eta banderola. Herritarrek gogo bizia dute Santakrutzetarako, eta nabari da.
Taldean hainbat kide egoteaz gain, eragileekin ere harremanetan zaudete une oro, ezta?
Hori da. Jai Batzordea egitarauaren antolakuntzaz arduratzen den arren, eragileekin lanean aritzen gara; besteak beste, tabernekin, elkarteekin edota herritarrekin, beste batzuen artean. Udalarekin ere kontaktuan egoten gara ia egunero, eta, aurtengoan, hartu-emana emankorragoa eta arinagoa izan dela azpimarratu nahiko genuke. Taldetxoa biltzen garen arren, jaiak guztion artean antolatzen ditugu.
Aipamen berezia egin nahiko genioke Kuadrilla Eguneko antolkuntza taldeari. Asteko egun berezienetakoaren kudeaketaz arduratzen direlako, eta aurtengoan ere, urtero bezalaxe, lan ederra egin baitute. Gainera, gaztez beteriko lan-talde oparoa osatu dute.