Santakrutzak 2023

Zazpiak bat

Jon Ander Ubeda 2023ko api. 28a, 19:37

Karrika, Etxeberrieta, Goiburu, Santa Krutz, Kaletxiki, Buruntza eta Sorabillako auzoetako Jai Batzordeetako ordezkariek eman diote hasiera jaiari, Zubiaurre etxetik pregoia irakurriz eta suziria botaz. Pregoia, bideoz ikusgai: 

Harreman ona dago auzoetako jai batzordeen eskutik. Ezaguna zen hori, eta gaurkoan armonia erakutsi dute herritar askoren aurrean.

Jai Batzordeak eragile hauei eman nahi izan die protagonismoa, gizarte bizitzan garrantzia handia dutelako. Hauspoa ematen diotelako herrigintzari. Auzo herria da Andoain, eta gaurkoan zazpiak bat agertu dira.

Karrikako jaiak, Buruntzako jaiak, Sorabillako jaiak ospatzeari utzi behar diogu? Ez! Entzun da argiro, ikusleen aldetik. Jai Batzordeetako kideek lagun berriak behar dituzte, antolakuntzarekin jarraitzeko. Auzolanean murgiltzeko deia egin dute, gaurkoan.

Maitane, Kepa, Nika, Ainhoa... Auzoetako kide ezberdinek hitz egin dute, elkarri aitortza eta omenaldi modukoa eginez. Jaiari eusteko deiadarra izan da. Herria herri egiten baitute, beste eragilerekin batera, Jai Batzordeetan murgilduta dauden andoaindarrek. Nekez irudikatu daiteke Andoaingo gizarte bizitza, auzoetako jairik gabe.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!