Emakumeen etxea abian jartzea proposatu du Andoaingo Emakume* Feministak mugimenduak

Jon Ander Ubeda 2023ko mai. 5a, 20:35

Udal hauteskunde giroan murgilduta gaudenez, Andoaingo Emakume* Feministak ekimenak alderdiei "elektoralismotik harago" joateko deia egin die

Hauxe agerraldian irakurri dutena:

Emakumeen* Etxea Andoainen

Laster udal hauteskundeak izango dira eta udal ordezkaritza lortzen duten alderdiek berdintasunerako neurriak egiteko eta aplikatzeko ardura dute. Hauteskunde-programetan Emakumeen Etxea* sortzea egongo da, eta hori txalotu egiten dugu.

Hala ere, Andoaingo emakume* feministak eskatzen dugu ez daitezela geratu elektoralismo hutsean. Gaur egun, herri askotan ez bezala, Andoainek ez du espazio hori, ezta hori definitzen duen proiekturik ere.

Emakumeen Etxeak* emakume libreen, arrazakeriaren aurkakoen, pluralen, feministen, laikoen eta aktiboen lekua izan behar du bertan:

  • Berdintasuna sustatzeko bizitzako esparru guztietan
  • Gogoeta egitea, esperientziak partekatzea, eztabaidatzea eta guztietatik ikasteko.
  • Pentsamendu kritikoa eta ahalduntzea bultzatzeko.
  • Aliantzak eta sinergiak sortzea, kolektiboki borrokatzeko topagune izateko.
  • Indarkeria zisheteropatriarkalari aurre egiteko lan egin nahi dugun edo/eta sufritzen dugun kolektiboentzat baliabideak eta dinamikak eskainiko dituen gune bat izateko.
  • Estereotipo matxistetatik kanpo leku segurua eskaintzea eta ahalduntze pertsonala sustatzeko.
  • Egoera ahulenean dauden emakumeentzako* harrera- eta atseden-gune bat eskaintzeko.

Baina espazioa bezain garrantzitsua da proiektuaren definizioa. Eta prozesu horretan, askotariko emakume* feministak, arrazakeriaren aurkakoak eta transmaribibollo guztiek parte hartu behar dugu haien diseinuan eta antolaketan.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen diogu hurrengo Udal Gobernuari:

  1. Mahai plurala eta parte-hartzailea sortzea, Emakumeen Etxearen* proiektua, hura kudeatzeko modua, helburuak eta landu beharreko balioak eztabaidatzeko, pentsatzeko eta diseinatzeko
  2. Emakumeen Etxearen* proiektua errealitate bat izatea eta proiektua gauzatzeko baldintzak sortzea.

Badakigu Emakumeen Etxearen* proiektua zehaztu arteko bidea luzea izango dela.
Nolanahi ere, uste dugu funtsezkoa dela eragile ezberdinen artean aldez aurretik
eztabaidak eta bateratze lanak egitea. Andoain justuagoa, berdintasunean eta
feministagoa eraikitzen laguntzeko.

Andoaingo Emakume* Feministak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!