Ikastolaren eraikin ondoan zeuden lasto-fardoak kendu dituzte eta, ikasturtea amaitu bitartean, aspaldiko egoerara itzuliko gara ikasle eta langileak: ez dugu kutsadura akustikoaren aurkako gutxieneko babesik izango.
Foru Aldunditik jakinarazi digute C-II proiektuaren trazaduraren arabera jarriko direla pantaila hauek, egungo N-I errepidearen trazadura kontuan hartu gabe.
Hogei urte baino gehiago daramatzagu kutsadura akustikoa apalduko duten soluzioak eskatzen eta ez gaude pantaila akustikoen aurka. Pantaila akustikoak behin behineko soluzioa direla iruditzen zaigu: legeak adierazten duen gehiegizko dezibelio kopurua gainditzen jarraituko duelako eta ez delako arnasten dugun kutsadura maila jaitsiko.
Ikastolaren interesen defentsa egiteaz gain, Andoaingo etorkizunaren eta ongizatearen aldeko ekimenekin bat egiten dugu. Beraz, pantaila akustiko hauek behin behineko neurri izatea eskatzen dugu eta egungo N-I errepidearen trazaduraren arabera jar daitezela.
Era berean, Andoaingo zein Gipuzkoako ordezkari politikoei eskatzen diegu N-I errepidearen arazoari soluzio duin bat eman diezaiotela, andoaindarren nahia kontuan hartuz eta herriaren etorkizunaren alde lan eginez.