"Aurtengoan, marka guztiak gainditu ditugu"

Mikel Arberas 2023ko mai. 11a, 11:17

Mateo Ponce Sorabillako frontoian.

Iturzaeta Pala Txapelketa urteko kirol ekitaldi garrantzitsuenetakoa bilakatu da, azken urteetan. Erakarpen indar handia du palisten artean, eta baita ikusleen artean ere 

Nondik atera zen Iturzaeta pala txapelketa antolatzearen ideia?

Garai hartan, 2011n, 25 urte bete ziren Joxe Mari Iturzaeta palista handiak debutatu zuela, eta, beraz, auzoan mugitzen hasi ginen. Nolabaiteko talde bat osatu genuen eta omenaldi moduko bat egitea otu zitzaigun.

Sorabillako Iturzaeta pala txapelketa asko aldatu al da lehen ediziotik?

Lehen urtean, omenaldi jendetsua egin zen, Iturzaetaren pala-kide ohiekin. Horrez gain, herriari begirako zerbait antolatzea pentsatu genuen, eta hortik sortu zen Sorabillako pala-txapelketa.

Egia da, hasiera batean, zalantzati ginela Sorabillako frontoian txapelketa antolatzearekin, frontoiaren egoera eta berezitasuna medio, nahiz eta niretzat xarma handiko pilotalekua izan. Hortaz, herritarren parte-hartzea zalantzan jarri genuen. Azkenean, aurreikuspen guztiak hautsita, harrera bikaina izan zuen.

Urtetik urtera handitzen doan txapelketa al da?

Lehen urtean, 20 bikote inguruk parte hartu zuten. Beste urte batean, parte hartze kopurua gainditu genuen, 44 bikoterekin, nahiz eta aipatu beharra dagoen, emakumezkoen parte-hartzea apalagoa izan ohi dela. Ondoren, Covid-a medio, urte pare batean, txapelketa antolatzeari utzi genion, bideragarritasun eza medio; neurri batean, eskertu genuen, deskantsantzeko. Hala ere, pandemia ostean, txapelketari berrekin genion, herrian, baita familian ere, eskatzen ari zirelako. Aurtengoan, marka guztiak gainditu ditugu gizonezkoen 45 bikoterekin.

Txapelketa antolatzea lan handia den arren, familiaren, lagunen eta pilota eskolako kideen laguntza ere jasotzen duzu, ezta?

Bai, hori da. Kanpotik ikusita, txapelketa nik bakarrik antolatzen dudala dirudi, baina atzetik jende gehiago ari da lanean; WhatsAppeko talde bat sortu genuen laguntzarako eta txapelketa modu eramangarriago batean kudeatzeko. Esaterako, pilotako eskolako kideak, Lierni emaztea, Juango anaia, Koldo eta Maider seme-alabak, eta haien lagunak, tartean dira, beste batzuen artean.

Nola aurreikusten duzu aurtengo txapelketa?

Hamabigarren edizioa izanik, Iturzaeta txapelketa urteroko klasiko bat bilakatu da, beraz, askok izena eman baino lehen, dezente entrenatzen dute. Horrez gain, urtero belaunaldi berriak sartzen ari dira txapelketan, gogo handiarekin jokatzen dutenak. Era berean, helduagoak direnak txapelketatik erretiratzen hasiak dira, nahiz eta batzuek jarraitzen duten. Hori guztiaz haratago, oso pozgarria da Sorabillako frontoiak herriari ematen dion bizitasuna ikustea, urte osoan gainera.

Orokorrean, maila handitzen ari da, urtetik urtera, baina, guztien artean, bizpahiru bikote gailentzen direla esango nuke; besteak beste, Loiditarrak, Eskuderotarrak edota, azken urtetan, Ponce eta Alkorta lagunak. Hala ere, gertutik jarraitzen dieten bikoteak ere indartsu datoz, hala nola Usandizaga-Setien, Andoni-Arruti eta Belauntzaran-Berrobi, beste batzuen artean. Esanak esan, bikote guztiek merito handia edukitzeaz gain, nire miresmena dute, guztia ematen baitute pilotalekuan, baita harmailetan ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!